Ikusi gaitzazuen desagertuko gara, entzun gaitzazuen isilduko gara lelopean egingo dute greba digitala apirilaren 21ean eta 22an. Euskal kulturgintzaren ekosistema osatzen duten eragile guztiak daude deituta: sortzaileak, antolatzaileak eta bitartekariak (herri-mugimendu, erakunde publiko, ekimen pribatu/industria), komunikabideak, hezitzaileak (hezkuntza arautuan, ez-arautuan, familian/etxe-giroan), kulturazaleak eta herrikideak.
Kultur edukiak ez partekatzea
Hala, aipatutako bi egun horietan interneten kultur edukirik ez partekatzeko deia luzatu dute. Ekimenaren helburuak ondorengoak dira:
- Gogoeta eta eztabaida soziala eragitea
- Pandemiak eragin dituen kalteei erantzuteko premiazko neurriak hartu behar direla exijitzea
- Euskal kulturgintzaren eskosistema osatzen duten guztion elkargune izango den mahai bat antolatzeko lanean hastea
Horrez gain, apirilaren 21ean eta 22an gogoetarako hainbat galdera eta proposamen plazaratuko dituztela azaldu dute.
Babes zabala jaso du
Dagoeneko 400 sortzaile edo eragileren babesa lortu du deialdiak. Horien artean dago Ruper Ordorika musikaria, esaterako.