Kultur sektoreetako langileei laguntzeko 2,5 milioi euroko laguntza aurkeztu dute Jaurlaritzak eta Lanbidek

Arantzazu Ezkibel Galdos 2020ko api. 15a, 17:37

Kulturako profesionalei laguntzeko programa aurkeztu dute; COVID-19aren ondoriok jasan dituzten profesionalei babes ekonomikoa eskaintzeko asmoz. Langile bakoitzeko muga hilean 1.200 eurokoa izango da, eta programaren aurrekontua 2,5 milioi eurokoa da.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak aurkeztu dute programa. Bizi dugun egoera honetan kulturaren arloko langileei babesa ematea da programaren helburua. Horretarako, 2,5 milioi euro bideratuko dituzte.

Laguntzak jasotzeko baldintzak

Programa hau berria da. Zuzenduta dago egoitza pertsonala eta fiskala EAEn dutenei; adinez nagusiak direnei; eta, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenean artisten jarduera profesionala dutenei. Horrez gain, proposamena zuzenduta dago COVID-19aren ondorioz jarduerak eta programak bertan behera utzi behar izan dituztenei.

Programa honetan sartzen direnek iazko aitorpenean aitortutako diru-sarrera garbien hileko bataz bestekoaren %70a jaso ahal izango dute –hilean gehienez 1.200 euro–. Azken hilabeteetan jarduerari ekin diotenek jarduera hasteko eskabide-inprimakia aurkeztu beharko dute; eta, eskatzaileak 2020an hasi badira lanean, jasoko duten laguntza hileko lanbide arteko gutxieneko soldataren baliokidea izango da. Programak iraungo du martxoaren 13tik alarma egoera amaitu eta kultur emanaldiak publikoarekin baimenduko diren hilabetearen azken egunera arte. Nolanahi ere, laguntzak gehienez ere 6 hilabetez eskainiko dira.

Lanbideren bidez kudeatuko da programa.

Kaltetutako sektorea

Pandemiak gehien kaltetu dituzten sektoreak identifikatzen saiatu direla dio Artolazabalek: "Kulturaren alorra horietako bat da, eta horregatik sortu genuen diru laguntza lerro berri hau, jarduerak bertan behera uzteak eragindako kaltea arintzeko helburuz".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak