Alarma egoera eta konfinamendua apirilaren 26ra arte luzatu du Espainiako Gobernuak baina hainbat sektore ekonomikoetako -industria eta eraikuntza, adibidez- langilea asko lanera itzuliko dira gaur Hego Euskal Herrian. Itzulera honek, baina, iritzi kontrajarriak ekarri ditu, osasuna, segurtasuna eta ekonomia arrazoi hartuta.
Segurtasun protokoloak zorrotz bete
Eusko Jaurlaritzak, esaterako, adierazi du "lehentasuna" birusaren hedapena eragoztea dela oraindik ere, eta, aldi berean, jarduerari berrekiten zaiola; "beraz, telelanaren edo urrutiko lanaren gomendioak mantentzen dira, baita lanpostura joan behar duten pertsona guztientzako babes- eta higiene-neurriak ere". Jaurlaritzak gogorarazi du segurtasun-protokolo bat dagoela jarduera ekonomikoetarako eta berretsi egin du "Segurtasun Protokoloa zorrotz betetzearen garrantzia enpresetan".
Jarduera industrialak egingo duen bezala, obra publikoak ere gaur ekingo dio bere jarduerari, martxoaren 30etik geldirik egon ondoren, Jaurlaritzak esan bezala. Hain zuzen ere, "ETSren, Euskal Trenbide Sarearen, obra guztiak" gaur berrabiaraziko dituzte. "Donostian Topoaren lanak, bai tunelean, bai lurrazalean, Euskal Y-aren Abiadura Handiko Trenaren lanak, baita tranbia- eta trenbide-sareko hainbat obra ere. Portuko eremuan ere obra ezberdinak berrezarriko dituzte: Ondarroako arrantzaleen lonja eta kaien konponketa".
EH Bilduk dio osasuna ez dagoela bermatuta
EH Bilduk uste du ez dagoela baldintzarik lanera buelta segurtasunez egiteko: "Uste dugu lanera joango diren milaka euskal langileen eta beraien sendien osasuna ez dagoela bermatuta", esan du Arnaldo Otegik, EH Bilduko koordinatzaile nagusiak. Otegik adierazi du esentzialak ez diren jardueretara bueltatzeko erabakia Confebaskek eta CEOEk hartu dutela, baina Sanchezek, Chivitek eta Urkulluk "ez dutela arduraz jokatu". Erabakiak "bigarren konfinamendu bat" ekar dezake Otegiren ustez, "eta hori kolpe latza izango litzateke osasunarentzat eta ekonomiarentzat".
Erabaki honen aurrean ELA sindikatuak dio "lehentasun nagusia langileen osasuna bermatzea" dela. "Eta, hala ere, hainbat enpresatan jarduera berreskuratuko da. Guk jarduerak berreskuratzeko baldintza batzuk eskatu ditugu, baina Jaurlaritzak aurrera egin du". LABek ere adierazi du Jaurlaritzak ez duela "sindikatuaren ekarpen bat bera ere jaso" eta "enpresetan sindikatuekin prebentzio plan bat adostu ezean, jardueraren abiatzea saihesten saiatuko gara, langileak plantora deituz".
ESK sindikatuak ere langileen segurtasuna "ez dagoela bermatuta" uste du, eta "interesak osasunaren gainetik" jarri dituztela: "Pandemiaren okerrena gainditu ez arren, nahiz eta osasun publikoa topera egon babesik gabe lanean eta adituek gogorarazi "hibernazio" horren mantentzearen beharra behingoz birusarekin bukatzeko, Kapitalak beste behin ere bizitzaren gainetik ezarri ditu bere interesak. Neuri honek ez dauka zerikusirik osasunarekin, osasunarengatik izan balitz umeak etxetik ateratzen utziko lukete, edota behar bereziak duten pertsonak,...".
Aurreko egoerara buelta
Apirilaren 9an amaitu zen Espainiako Gobernuak funtsezkoak ez diren jarduerei geratzeko duela bi aste eman zuen agindua, eta gaurtik egoera berriz izango da martxoaren 14tik aurrera izan zena.
Garraioa eta maskarak
Garraio publikoaren erabiltzaileei maskarak banatuko zaizkiela ere eman du aditzera Jaurlaritzak. Segurtasun Sailak horien banaketa koordinatuko du. Banatuko dituzten maskara "higienikoak" erabilera bakarrekoak dira, "erabili eta bota" beharrekoak. Datozen bi egunetan egingo da banaketa, eta Gurutze Gorriak eta DYAk Euskadiko Tren, Metro eta autobus geltoki nagusietan banatzeko duten aukera aztertzen ari dira.