Debagoieneko Ospitaleko laugarren solairua, ama-haurren, ginekologiako eta pediatriako solairua, hain zuzen, COVID-19 kasuak jasotzeko egokitzen hasi dira. Horren ondorioz, ez dute erditzerik artatuko eta horiek Zumarragako ospitalera bideratuko dituzte. Arreta pediatrikoa, ordea, Arrasaten zentralizatuko da, beti ere, norberari dagokion osasun zentroan telefono bidez kontsulta egin ostean.
Berrantolaketari dagokionez, urgentzia kirurgikoetarako oheez gain, 88 ohe gehiago jarri dituzte ospitalizazio unitateetan, bi solairutan banatuta, koronabirusa duten pazienteendako. Halere, hasiera batean behintzat, Arrasaten hartuko lituzketen gaixoak ez lirateke kasu larriak izango, Zaintza Intentsiboko Unitaterik ez dago-eta. Beharrezkoa bada, gainera, eraikin zaharreko solairu bat ere egokituko lukete kasu hauek jasotzeko.
Bestalde, arreta gune espezifiko bat ere jarri dute, osasun publikoak erabakitako pazienteendako, autotik atera gabe laginak batzeko. Datozen egunetan, gainera, etxez etxeko bi arreta gune jarriko dituzte martxan.
Osasun zentro guztiak irekita daude, baina haietara joatea saihesteko eskatu die herritarrei Debagoieneko Erakunde Sanitario Integratuak. Gogora ekarri dute, gainera, osasun asistentzia behar duenak norbere osasun zentroarekin harremanetan jarri behar duela telefonoz eta ahalik eta gehien ekidin behar dela osasun zentroetara bertaratzea.
Norbere osasun zentroan, erizainarekin edo medikuarekin zita telefoniko bat emango diote eta hark erabakiko du balorazio fisikoa beharrezkoa den ala ez.
Halaber, Aretxabaletako, Arrasateko, Bergarako eta Oñatiko zentroetan egindako kontsulta telefonikoak baloratu ostean, Debagoieneko ospitalean osasun-laguntza berrantolatu dute, bailarako herritarrei zerbitzu egokia emate aldera. Hori dela eta, arnasketako sintomak dituztenendako kontsulta espezifikoak garatu dituzte.
Osasun zentroak itxita dauden ordutegietan, 943 03 52 50 telefonora deitu behar dela berretsi dute.