Ainhoa Intxaurrandieta: "Hondakinak gaizki kudeatu dira eta horren ondorioa da Zaldibarren gertatutakoa"

Miren Arregi Amasorrain 2020ko mar. 6a, 12:42

Zaldibarko lur-jausiarekin lotuta hitzaldia egin zuten atzo Bergaran, Elgetako alkate Iraitz Lazkanok eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko presidente ohi Ainhoa Intxaurrandietak. "Drama humanoaz eta krisi ekologikoaz" aritu ziren eta bereziki, hondakinen "kudeaketa eredu txarra" salatu zuten.

Gaur hilabete da, Zaldibarko zabortegia amildu zela eta hilabete honetan, gertakariak hari mutur asko gainazaleratu ditu.  Galdutako bi langileek han jarraitzen dute batetik; bestetik, hondakinen kudeaketa ereduak eman du zeresana tarte honetan.

Hain justu ere, Zaldibarko lur-jausiarekin lotuta hitzaldia egin zuten atzo, Bergaran, Elgetako alkate Iraitz Lazkanok eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko presidente ohi Ainhoa Intxaurrandietak. Bi ertz nabarmendu zituen Intxaurrandietak. Bata "drama humanoa"; bi langilek jarraitzen dutelako desagertuta eta hasierako orduetan hara joan ziren emergentzia zerbitzuek bizi izandakoa, eta zabortegiaren erortzeak "sortutako krisi ekologikoa", bestea.

Ereduaren kritika

"Etekin ekonomikoak pribatizatzea" Jaurlaritzari bueltan etorri zaiola uste du Intxaurrandietak eta ereduaren kritika zorrotza egin zuen. Gainera, inprobisazioa eta neurri okerrak hartu izana ere egotzi dizkio EAEko Gobernuari. Epeleko hondakin ez arriskutsuen zabortegia zabaltzeko eskaeraz galdetuta dio, hondakinen kudeaketa arduratsu bat egin beharra dagoela eta argi duena dela, Zaldibarko eredua ezin dela errepikatu.

Elgetako alkate Iraitz Lazkanok, bestetik, Zaldibarko zabortegia erori zenetik herrian bizi izandakoak izan zituen berbagai. Azken berria da, Elgetako Udala Durangoko epaitegian irekitako aurretiazko diligentzien instrukzio fasean pertsonatuko dela. Gainera, Udal moduan jaurlaritzako osasun sailari aire kalitatearen gainean egin dituzten neurketen emaitzen berri emateko eta lur eta hondakinen karakterizazio bat eskatzeko erabakia ere hartu dute.

Lanuzteak martxoaren 12an

Bestetik, Zaldibar Argitu! herri mugimenduak lanuzteak deitu ditu datorren martxoaren 12rako eguerdiko 12:00etatik 15:00etara Eibarren, Ermuan, Zaldibarren eta Elgetan. Herri horietan mobilizazioak egingo dituzte 12:30etan hasita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak