HEMEN DEBAGOIENA

Tipi-tapa, emakumeak eta kirola indartuz

Imanol Beloki Unamuno 2020ko mar. 5a, 12:34

Domekan izango da laugarren Aresko martxa, dena dago gertu, eta omenduko dituzten emakumeen aukeraketa egin dute dagoeneko. Hain zuzen ere, Igone Armendariz eskoriatzarra eta Garazi Estebez aretxabaletarra izan dira aukeratuak.

Aurreko edizioetan moduan, Eskoriatzako emakume bat eta Aretxabaletako beste bat omenduko dituzte Aresko emakume martxan. Eskoriatzako kirol elkarteak, UDAk eta Aresko saskibaloi eskolako gurasoek hartu dute erabakia, eta Eskoriatzan Igone Armendariz izango da omendua. Aretxabaletan, berriz, Garazi Estebez.

Aresko emakume martxa Eskoriatzatik Aretxabaletara egingo da aurten, laugarren edizioa izango dena, eta domekan izango den martxara begira; 400 pertsonak eman dute izena. Honako hau izango da egunerako antolatutako egitaraua: 10:45ean hasita, Fernando Eskoriatza plazan omenaldia egingo diote Igone Armendarizi, eta gero, Aretxabaletarako bidea hartuko dute oinez, plazan batzen direnek, egunerako atera dituzten kamisetak jantzita. Aurten, gainera, ibilbide zati bat aldatu dute, errepide nagusitik joan barik Biblioteka albotik joango dira-eta Aretxabaletara. Hara iristean, Herriko Plazan, Garazi Estebez txirrindulariak jasoko du omenaldia. Hala, Aretxabaletako ekitaldia amaitzean, 13:00 aldera, berriz, buelta egingo dute Eskoriatzara, oinez.

Emakume erreferenteak

Maitane Dieguez Aresko saskibaloi eskolako eta antolakuntzako kide denak adierazi duenez, omenduko dituzten bi herrietako emakumeak erreferenteak dira askorentzat: "Herriak aukeratu dituen arren, errekonozimendua merezi dutela argi dago. Bizitzako zenbait aspektutan egindako esfortzu handiagatik edo kirol lorpenengatik edo bestelako arrazoi batengatik izan bada ere. Hala, Armendariz eta Estebez izango dira aurten hautatutakoak".

Omendua izateak zer eragin dizu?

Igone Armendariz. Aresko martxan Eskoriatzako omendua

"Pozik, baina harrituta jaso nuen omendua izango nintzen albistea. Nire kasuan, semeak garun paralisia dauka; gero, hamar urtera senarra… Gehiengoak emakumeak gara gure senitartekoak zaintzen ditugunak, eta emakume horientzat horientzat izango da domekako ekitaldia".

Garazi Estebez. Aresko martxan Aretxabaletako omendua

"Oso pozik nago Aresko martxan jasoko dudan omenaldiagatik, beti baita gustukoa zure lanagatik zoriontzea. Niretzat, oso garrantzitsua da kirola, asko ikasten delako, eta geroz eta gehiago garen arren, emakumezko guztiak animatu nahiko nituzke kirola egitera".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak