Epeleko zabortegia irekitzeko eskaera ez ezik, horrek jaso dezakeen hondakin kopurua zehazteko bihar arteko epea ezarri dio Eusko Jaurlaritzak, Mankomunitateari.
Mankomunitateko Gobernu batzordea gaur elkartu da hilean behin egiten duten bilera egiteko, baina landu beharreko gaien artean ez zegoen Epeleko zabortegiarena. Hala ere, gaurko bileraren ostean Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak egindako baieztapena "gezurtatu" du Debagoieneko Mank0munitateko presidente Maite Antonek: "Mankomunitateak ez du oraingoz prestutasunik azaldu Epele zabortegia berriz ireki eta hondakin industrialak jasotzeko".
Edozein kasutan, ez dute erabakirik hartuko Jaurlaritzak ezarritako epean; izan ere, Epele berriz ireki edo ez Debagoieneko Mankomunitateko Ingurumen batzordeak aztertu beharko du, gero, batzorde orokorrak erabakia hartu dezan. "Erabaki hori ziurtasunez eta babes osoz hartzeko beharrezko azterketa tekniko eta ekonomikoak egiten ari dira gure teknikariak", argitu du Antonek. Eta gaineratu duenez, "datozen asteetan" hartuko dute erabakia.
Presidenteak berak GOIENAri azaldu moduan, gaur egun itxita dagoen Epeleko zabortegia zabaltzeak "hilabete asko iraungo lukeen obra zibila" egin beharra ekarriko luke, baita "milioi eta erdi eurotik gorako inbertsioa" ere. Gainera, hainbatetan azpimarratu duten moduan, Epele hondakin arriskutsuak hartzeko egokitzea "ezinezkoa" da.
Epeleko zabortegiaz gain, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak Bizkaiko Foru Aldundiaren esku diren Jata-Lemoiz eta Artigas, eta Gasteizko Udaleko Gardelegi zabaltzeko ere egin du eskaera.
Diputazioa Epele irekitzearen alde agertu da
Eider Mendoza Gipuzkoako Diputazioko bozeramaileak Epele irekitzearen alde egin du gaur goizean. Mendozaren esanetan, Epelek "arriskutsuak ez diren 350.000 metro kubiko hondakin jasotzeko gaitasuna du" eta ingurumen baimena "oraindik indarrean" dauka. "Aldaketa batzuk egin beharko dira, noski, baina egoera delikatua da, eta erantzuna eman behar zaio, eta denok lagundu behar dugu", azpimarratu du.
Bestalde, Mendozak onartu du Mankomunitatea dela gaiari buruz erabakia hartu behar duena. Hala ere, adierazi duenez, ziur da Mankomunitatea "prest" dagoela hondakin industrial ez-arriskutsuak jasotzeko, enpresa asko dauden egoeraren aurrean "sentiberatasuna" duelako.