Zaldibarko zabortegiak hartzen zituen hondakin ez arriskutsuak jasotzeko eskaria egin dio Jaurlaritzak Mankomunitateari. Proposamena "aztertu" egingo dutela adierazi dio Mankomunitateko presidente Maite Antonek GOIENAri, baina, momentuz, pasa den asteko iritzi berekoak direla aurreratu du, hau da, gaur egun itxita dagoen Epeleko zabortegia zabaltzeak "hilabete asko iraungo lukeen obra zibila" egin beharra ekarriko lukeela, baita "milioi eta erdi eurotik gorako inbertsioa" ere. Gainera, hainbatetan azpimarratu duten moduan, Epele hondakin arriskutsuak hartzeko egokitzea "ezinezkoa" da.
Atzo egin zuten hileroko batzordea Debagoieneko Mankomunitatean, baina bilera hartan ez zela zabortegiari buruz hitz egin jakinarazi du Antonek. Bestalde, Ingurumen batzordea ere hilean behin elkartzen da eta egutegiz gaur da batzar hori egiteko eguna. Hala ere, gai-zerrendan Epele azaltzen ez denez, ez ohiko bilera bat egitea proposatuko dute, Jaurlaritzaren eskaera aztertzeko.
Lau zabortegik jaso dute eskaera
Jaurlaritzak orain artean Zaldibarrera eramaten ziren hondakin ez arriskutsuak jasotzeko lau zabortegiri egin die eskaera. Epelez gain, Bizkaiko Foru Aldundiaren esku diren Jata-Lemoiz eta Artigas eta Gasteizko Udaleko Gardelegi dira hondakinak jasotzeko "prest" agertu direnak, beti ere, Ingurumen Sailak esandakoaren arabera.
Epelek hondakin-industrial ez arriskutsuen 350.000 tona jaso ditzake, Ingurumen Sailaren arabera
Sailburuordetzaren arabera, aipatutako erakundeek adierazi zuten, "egokitzapen desberdinak eginez, beren instalazioek epe labur eta ertainean 550.000 tona hartzeko gaitasuna izango zutela Jata-Lemoizen eta Artigasen kasuan; 350.000 tona Epelen, eta milioi bat metro kubiko Gardelegin." Epelek, hori jasotzeko beharrezko duen obra zibila egiteko proiektuaren baimena baduela dio Jaurlaritzak, eta lanak egiteko bi hilabeteko beharko lituzkeela –horri gehitu beharko lizkiokete esleipen publikoaren epeak–.
Ingurumen Sailak azpimarratu duenez, "zabortegietara eraman beharreko hondakinak soilik hondakin ez-arriskutsuak izango dira, hau da, enpresek eta kudeatzaileek Zaldibarren uzten zituztenak". Amiantoari dagokionean, zabortegietan jaso ahal izateko baimen berezi bat behar da, baina ez-arriskutsutzat hartzen du legediak, beti ere, zabortegian behar bezala gordeta egonez gero. Debagoieneko Mankomunitateko presidenteorde Garazi Larreak pasa den astean zehaztu zuenez, Epelera "ezin da eroan hondakin industrial arriskutsurik, ezta amiantorik ere".
"Premia larriak kontuan hartuta", Sailburuordetzak atzo onartutako ebazpenean, bi eguneko epea eman zien zabortegiei "konpromisoa berretsi" eta industria hondakin ez arriskutsuak "berehala hartzeko" duten gaitasunaren xehetasuna bidaltzeko. Baita, zabortegiak egokitzeko egin beharko liratekeen obrak behar duten denbora zehazteko ere.
Azkenik, sailburuordeak gogorarazi die EAEko zabortegi publiko eta pribatuei "ingurumen-administrazioak premiazko neurriak hartu ahal izango dituela, ebazpen arrazoitu baten bidez, azpiegitura horiek, beharrezkoa izanez gero, aipatutako hondakinak jaso ditzaten", eta hori "nahitaezko betearazpena" izango litzatekeela.