Mankomunitatearentzat "Epele ez da alternatiba"

Miren Arregi Amasorrain 2020ko ots. 19a, 20:39

Epeleko zabortegiaren jabe den Debagoieneko Mankomunitateko iturriek jakinarazi dute Epele gaur gaurkoz ez dela alternatiba. Besteak beste, 2018tik itxita dagoen zabortegiarekin zer egin ez dutelako erabaki –behin betikoz ixtea da aukera bat, bigarrena, obrak egin ondoren zabaltzea– eta "zabaltzeak hilabete asko iraungo lituzkeen obra zibila" egin beharra suposatuko lukeelako, baita "milioi eta erdi eurotik gorako inbertsioa" ere.

Gaur goizean Donostian elkartu da Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Ingurumen diputatu eta GHK-ko presidentea Gipuzkoako zortzi mankomunitateetako ordezkariekin, tartean Debagoieneko ordezkari Maite Antonekin.

GHK-ko presidentearen esanetan, mankomunitateetako ordezkariekin egindako bileran aztertu dute Zaldibarko zabortegian izandako lur-jausiak ekarri duen egoera, eta gainera, Mutiloako zabortegia betetzear dagoenez hemendik gutxira itxi egingo dela.

Egoera horretan, Bergarako lurretan kokatuta dagoen Epeleko zabortegia hondakin industrial ez arriskutsuentzako lurraldeko aukera bakarra izango litzateke kontsortzioaren hitzetan; ez badira behintzat hondakinak beste lurralde edo autonomia erkidego batzuetara bideratzen. 

Kontrako bertsioa

Debagoieneko Mankomunitateko presidentea, aldiz, ez dator bat Ingurumen diputatu eta GHK-ko presidenteak bileraren ostean azaldutakoarekin. Antonek dio, hondakin industrialen kudeaketa ez dela inolaz ere Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren eskumena eta joan den astean GOIENAri azaldutakoa berretsi du, hau da, momentuz, Epele ez dela alternatiba. "Epeleko zabortegia ez dago martxan. Hori berriz ere zabaltzeak suposatuko luke, batetik, gaia Europatik pasatu beharra eta ez hori bakarrik, baita hilabeteak eta milioi eta erdi eurotik gorako gastua ekarriko lukeen obra zibila egitea". Erantsi du, GHK-ren bertsioa ezin daitekeela inolaz ere ondorioztatu gaur goizeko bileratik, batzar informatiboa izan delako, hutsean.

Maite Antonek berretsi du, Epeleren etorkizunaz ez duela erabakirik hartu Mankomunitateak. Gaia batzordetik pasatu ere ez dela egin eta joan den astean azaldutakoa dela gaur ere esateko dutena, hau da, Zaldibarkoa pasatu aurretik ere bi aukera zituztela mahai gainean: zabortegia Mankomunitateak kudeatuta martxan ipintzea, bata; eta zabortegiko bigarren zeldaren zigilatze lanak egin eta behin betiko ixtea, bigarrena".

Erlazionatuak

Momentuz, Epele ez da alternatiba

Miren Arregi Amasorrain 2020 ots 14 Debagoiena

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak