Gaur goizean Donostian elkartu da Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Ingurumen diputatu eta GHK-ko presidentea Gipuzkoako zortzi mankomunitateetako ordezkariekin, tartean Debagoieneko ordezkari Maite Anton. Bileraren ostean, GHK-k jakinarazi du mankomunitateekin adostu dutela "hiri hondakinez gain merkataritza edo industria jatorrikoak" ere GHKren azpiegitura sarera bideratzeko aukerak aztertzea.
Zehaztu dutenez, hiri hondakinekin pareka daitezkeen eta orain arte zabortegi industrialetan uzten ziren merkataritza eta industria jatorriko hondakinen fluxuak eta bolumenak aztertuko dituzte; esaterako, bilgarri komertzialak, tamaina handiko hondakinak, nekazaritza eta abeltzaintza jatorriko hondakinak, eta herritarrek garbiguneetan uzten dituzten beste batzuk. Horiek hiri hondakinen azpiegitura sarean tratatzeko aukera ere aztertuko dute, industria-zabortegiek jasaten duten karga "arintzeko". Ildo horretan, GHK-k konpromisoa hartu du hondakinen tipologia, horiek tratatzeko bideragarritasun teknikoa eta beharrezkoak diren baimenak aztertzeko.
GHKren azpiegitura sarean kokatu dituzte Epeleko konpostatze planta, Zubietako instalazioak eta Legazpiko ontziak sailkatzeko planta
Asensiok azpimarratu duenez, Aldundiak eta mankomunitateek hondakin industrialen arloko eskumenik ez badute ere, GHKren hiri hondakinak kudeatzeko azpiegiturak lagungarri izan daitezke.
Horren baitan kokatu ditu, Epeleko konpostatze planta, Zubietako instalazioak eta Legazpiko ontziak sailkatzeko planta: "Beharrezkoa da gure hondakinen arazoari guztion artean heltzea. Zubietako instalazioak laster martxan jartzearekin batera, Gipuzkoak azpiegitura-sistema bat izango du, arazo horren ondorioak murritzen laguntzeko".
Epele "aukera bakarra"
Partzuergoaren esanetan, mankomunitateetako ordezkariekin egindako bileran aztertu dute Zaldibarko zabortegian izandako lur-jausiak ekarri duen egoera, eta gainera, Mutiloako zabortegia betetzear dagoenez hemendik gutxira itxi egingo dela. Egoera horretan, Epeleko zabortegia hondakin industrial ez arriskutsuentzako lurraldeko aukera bakarra izango litzateke kontsortzioaren hitzetan; ez badira behintzat hondakinak beste lurralde edo autonomia erkidego batzuetara bideratzen.