Joan den ostegunean Zaldibarko zabortegian izandako lur-jausiak eragindako hondamendiak galdera asko ipini ditu mahai gainean; besteak beste, nork hartuko dituen lehen Zaldibarko zabortegi kolapsatuak hartzen zituen hondakinak. Galdera horrek are garrantzi handiagoa hartu du, astean, Gipuzkoako Foru Aldundiko ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensiok Gipuzkoa laguntza emateko gertu dagoela azaldu ondoren eta Eusko Jaur-laritzak EAEko zabortegiei elkarlana eskatu ostean.
Beraz, non kudeatuko dira orain arte Zaldibarrera isuri diren hondakinak? Epeleko zabortegia da aukera horietako bat? Horren haritik, Epeleko zabortegiaren jabe den Debagoieneko Mankomunitateko ordezkariek adierazi dute une honetan Epele ez dela alternatiba. "2018tik itxita dago zabortegia; beraz, momentu honetan, obra zibilik egin ezean ezinezkoa da Epeleko hondakin ez-arriskutsuen zabortegian hondakinak sartzea", adierazi du Mankomunitateko presidente Maite Antonek. Gainera, Jaurlaritzak EAEko zabortegiei eginiko laguntza eskaerari dagokionez ez dakitela ezer adierazi du: "Guk ez dugu ezer jaso. Laguntza eskaeraz dakiguna komunikabideen bitartez iritsi zaiguna da". Epeleko zabortegiaz gain, Gipuzkoak Mutiloako Lurpe zabortegia du funtzionamenduan une honetan. Hala ere, atzo, "gainezka egoteagatik" martxoaren 1ean itxiko dutela iragarri ostean, Gipuzkoak ere ez luke behar horiei erantzuteko azpiegiturarik izango. Hasieran, Zaldibarko hondakinak hartzeko aukera Gasteizko Gardelegiko zabortegia litzatekeela zabaldu zen eguaztenean, betiere, materialak arriskutsuak ez balira. Baina atzo, Ingurumen sailburuordeak adierazi zuen Zaldibarko zabortegiko hondakinak arriskutsuak direla eta EAEn ez dagoela horiek hartzeko tokirik, eta pentsatzen ari zirela nora eroan.
Itxiera baten kronika
Aurrez esan bezala, Epelen, konpostaje plantaren eta garbigunearen ondoan, bada industria hondakin ez-arriskutsuen zabortegi bat. Bertan, industriako eta eraikuntzako hondakinak jaso izan dira, 1993an zabaldu zenetik, 2018ko irailera arte. Epelekoa ez dago amiantoa jasotzeko prestatua. Itxieraren arrazoiez galdetuta, Debagoieneko Mankomunitateko presidente Maite Antonek azaldu du urtez urte erabiltzaile kopurua murriztuz joan zela, zabortegia ekonomikoki ez-bideragarri bihurtu arte. "Zabortegia itxi aurretik, orduan ustiatzen ari ginen bigarren zelda bete zenean, zabortegia kanpo-erabiltzaileei ixtea erabaki zuen orduko Mankomunitateko Gobernu Juntak".
Epeleko zabortegiaren itxierarekin lotuta eta Zaldibarko gertaeraren haritik, Oñatiko alkate ohi Mikel Biainek sare sozialetan esan du 2015-2019 agintaldian Mankomunitatean ordezkaritza zuen bitartean "Jaurlaritzatik presio handiak jasan" zituztela Epeleko hondakin ez-arriskutsuen zabortegia "ixteko". Biainen esanetan, Jaurlaritzatik oso baldintza zorrotzak jarri zizkieten zabortegiari eta hango erabiltzaileei. "Konbentzimendua geneukan arazo nagusia isurtegi publiko izaera zela; pribatuei ez zizkietela horrelako baldintzak exijitzen. Atzean enpresa pribatuen interesak zeudela ikusten genuen. Orduan entzun nuen lehen aldiz Verter izena". Orduko Mankomunitateko ingurumen batzordeburu Lander Arregik ere gogoan du "baldintzak zorrotzak" zirela. Bere iritziz, baina, "presioak ez ziren inolaz ere politikoak, baizik eta teknikoak eta administratiboak". Arregik administratiboki aldaketa egon zela dio eta horrek ekarri zuela erabiltzaileei dokumentazio gehiegi eskatu beharra. Erantsi du, gainera, Europak baduela industri hondakinak modu pribatuan kudeatzearen aldeko jarrera. Azkenik, Arregik adierazi du zabortegiaren egoera aldatuz joan zela azken urteetan. Alegia, eraikuntzatik jasotzen zen hondakin kopuruak behera egin zuen industriakoak bere horretan jarraitzen zuen bitartean. Baina bien arteko oreka mantendu beharra zegoen eta horrek bultzatu zuen zabortegia industriako hondakin gutxiago onartzera".
Hemendik aurrera, zer?
Epeleko zabortegiak, gaur egun, beste hiru zelda ustiatzeko Eusko Jaurlaritzaren baimena du. "Horiek ustiatu ahal izateko, ordea, aurrez zeldak inpermeabilizatu eta egokitzeko obrak ezinbestean egin beharko lirateke, eta baita betetako zeldak zigilatzeko obrak ere", diote Mankomunitatetik. Gaineratu dute zabortegia martxan jartzeko edo ez jartzeko erabakia hartzeko dutela oraindik. "Zaldibarkoa pasa aurretik ere bi aukera genituen mahai gainean: zabortegia Mankomunitateak kudeatuta martxan ipintzea, bata; eta zabortegiko bigarren zeldaren zigilatze lanak egin eta behin betiko ixtea, bigarrena".