Arrasateko akordeoi lehiaketen hiru probatan 300 parte-hartzaile baino gehiago elkartu dira

Jone Olabarria 2019ko abe. 9a, 14:43

Ratoi Radu Moldaviarrak irabazi duen Arrasate Hiria Nazioarteko Akordeoi Lehiaketak emandakoarekin pozik agertu dira antolatzaileak, Hauspoz elkarteko kideak. Gipuzkoa Lehiaketak eta Gipuzkoako jaialdiak ere maila dotorea izan dute.

Abenduaren 6an hasita eta asteburu osoan zehar Arrasateko akordeoi lehiaketen 2019ko edizioa egin dute Amaia antzokian. Guztira 300 parte hartzailetik gora batu ditu probak, hiru zatitan banatuta: Gipuzkoa Lehiaketa, Gipuzkoako jaialdia eta Nazioarteko Arrasate Hiria lehiaketa.

Hauspoz Euskal Herriko Akordeoi elkarteak antolatutako lehiaketek 40. aldia dute aurtengoa. Hitzorduak akordeoia herritarrei gerturatzea zuen helburuetako bat eta antolakuntzatik pozik agertu dira emaitzarekin.

Nazioarteko Arrasate Hiriak gero eta garrantzia handiagoa duela aitortu dute elkartetik eta goi mailako musikariak erakartzen dituela azaldu dute. Hori da Ratoi Ratu aurtengo nazioarteko sariaren irabazlearen kasua.

Atzoko egunean zehar programa askeak entzun ostean epaimahaiak 21 urteko moldaviarrari eman zion lehen postua Amaia antzokian, eta sari moduan 4.000 euro eta 2020 urtean bira bat egiteko aukera jaso zituen, Arrasateko alkate Maria Ubarretxenaren eskutik. Saria nori eman erabakitzerakoan musika baino askoz gehiago baloratu zutela adierazi zuten epaimahaiko kideek. Era berean, akordeoi-jole atseginenaren saria Maria Arolek eraman zuen.

Gipuzkoa lehiaketari dagokionez, Hegoi Bertolok eta Alejandro Arbuesek jaso zituzten lehen sariak infantil eta junior mailetan, eta senior mailan, Sofia Rosek. Oso pozik agertu ziren hiru gaztetxoak.

Maila guztietako irabazleek eskaini zuten emanaldia atzo Amaia antzokian, egindako sari banaketa ekitaldian; Zukan hirukoteak eskainitako emanaldiaz gozatzeko aukera ere egon zen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak