Soto del Real espetxean dago Marixol Iparragirre

Jokin Bereziartua Lizarazu 2019ko ira. 5a, 12:58

Marixol Iparragirre euskal preso eskoriatzarra Madrilgo Soto Del Real  espetxean dago atzo iluntzea ezkero. Atzo arratsaldean eraman zuten Auzitegi Nazionalera eta bere kontrako karguak zeintzuk diren jakinarazi ostean espetxeratu zuten. Han dago orain, modulu arruntean, epaiketa noiz hasiko zain. Atzo iluntzean elkarretaratze jendetsua egin zuten Eskoriatzako plazan, Estradiziorik ez, Marixol etxera! lelopean.

Iparragirreren senitartekoen arabera, bizi duten ezjakintasun egoera da okerrena. "Familiarteko batzuek atzo [martitzena] hitz egin zuten berarekin. Arazoak izan ziren telefonoarekin; kartzela arauak oso zorrotzak dira. Egoera oso kezkagarria da guretzat, urduri gaude. Frantziako kartzeletan egoera ez da ona, baina Espainian are okerragoa da. Frantzian kondena beteta dauka eta kalean egon beharko luke; 15 urte daramatza barruan eta familiak ez dakigu oraindik zer gertatuko den", adierazi du anaiak, Santi Iparragirrek. 

Marixol Iparragirre 2004an atxilotu zuten Frantzian, ETArekin lotuta, eta hogei urteko kartzela zigorra ezarri zioten. Abuztuaren 27an amaitu zitzaion zigor hori, baina Eskoriatzako Presoen Aldeko Plataformak eta Donostiako Antiguako Kalera Kalera dinamikak oraindik preso dagoela salatu dute. 

Era berean, gaineratu dute "eragile garrantzitsua" izan dela Iparragirre ETAk borroka armatua utzi zuenetik. Hala, Euskal Preso Politikoen Kolektiboko (EPPK) bozeramaile eta ordezkari izan dela adierazi dute eta baita iazko maiatzean ETA erakundeak bere desegitearen berri ematen zuen agiriari ahotsa jarri ziola ere. 

Efe berri agentziaren arabera, 1995ean Luiciano Cortizo Espainiako armadako komandantearen erailketatik epaituko dute Auzitegi Nazionalean.

Bestalde, familiak bizi duen "inkognita egoeraren" aurrean, herritarren partetik jasotako babesa eskertu du. 

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak