Eguaztenean estraditatuko dute Marixol Iparragirre Espainiara

Imanol Beloki Unamuno 2019ko ira. 3a, 11:29
Santi eta Maria Luisa Maixol Iparragirrerekin bideokonferentzian.

Bihar estraditatuko du Frantziak Marixol Iparragirre Guenetxea (Eskoriatza, 1961) Espainiara, Auzitegi Nazionalean epaitzeko. Hori horrela, elkarretaratzea deitu dute biharko, eguaztena, 19:30ean, Fernando Eskoriatza plazan, Estradiziorik ez, Marixol etxera! lelopean.

Iparragirre 2004an atxilotu zuten Frantzian, ETArekin lotuta, eta hogei urteko kartzela zigorra ezarri zioten. Abuztuaren 27an amaitu zitzaiola zigor hori, baina oraindik preso dagoela Reauko espetxean salatu dute Eskoriatzako Presoen Aldeko Plataformak eta Donostiako Antiaguako Kalera Kalera dinamikak. Efe berri agentziak zabaldu duenez Luiciano Cortizo Espainiako armadako komandantearen hilketagatik (1995) epaituko dute orain Auzitegi Nazionalean.

"Eragile garrantzitsua"

Eskoriatzako Presoen Aldeko Plataformak eta Donostiako Antiaguako Kalera Kalera dinamikak idatzi batean azaldu dute Iparragirrek kalean beharko lukeela zigorra amaitu duelako eta kartzelan dutela Espainiako epaileek eskatutako euro-agindu eta estradizio eskaerak betetzeko. "Eskari hauek polizia-etxe eta Guardia Zibilaren kuarteletan torturapean egindako aitorpenak eta polizia zerbitzuek eraikitako frogak dituzte oinarri. Gainera, egozten zaizkion egitateak oso aspaldikoak dira, berriena duela ia hiru hamarkadakoa".

Era berean, gaineratu dute "eragile garrantzitsua" izan dela Iparragirre ETAk borroka armatua utzi zuenetik. Hala, EPPKren bozeramaile eta ordezkari izan dela adierazi dute eta iazko maiatzean, ETA erakundeak bere desegitearen berri ematen zuen agiriari ahotsa jarri ziona ere bai.

Hona hemen oharra osorik:

"Marixol Iparragirrek abuztuaren 27an bete zuen Frantzian ezarritako 20 urteko kondena eta ondorioz aske beharko luke, baina Reauko kartzelan daukate Espainiako epaileek eskatutako euro-agindu eta estradizio eskaerak betetzeko.

Eskari hauek polizia-etxe eta Guardia Zibilaren kuarteletan torturapean egindako aitorpenak eta polizia zerbitzuek eraikitako frogak dituzte oinarri. Gainera egozten zaizkion egitateak oso aspaldikoak dira, berriena duela ia hiru hamarkadakoa.

Marixolen inguruan indar juridiko, polizial eta mediatikoek antolatutako kanpaina iraingarriak, aldez aurretik kondenatu nahi du, akusazioak frogatutzat emanez, bere askatasuna oztopatzeko giroa sortuz. Euskal Herriak kosta ahala kosta eraikitzen ari den bake ekimena saboteatuz.

Hain zuzen ere, duela ia zortzi urte ETA erakundeak borroka armatua utzi zuenetik euskal gizartearen gehiengoak babesten duen ekimen horretako eragile garrantzitsu da Marixol:

  • EPPKren bozeramaile gisa.

  • EPPKren ordezkari gisa, Ipar Euskal Herriko eta nazioarteko hainbat ordezkari politikorekin izandako harremanak. Bereziki Frantziako Justizia Ministerioarekin harremanetan aritu zen Euskal Ordezkaritzaren mintzaide eta Kolektiboaren jarreraren berme emaile izan zelarik.
  • Iazko maiatzean, ETA erakundeak bere desegitearen berri ematen zuen agiriari jarri zion ahotsa.

    Marixolen askatasunak urteotan landutako bake bideari indarra emango lioke, presoen Euskal Herriratzea Espainian ere martxan jartzeko bidea irekiz, mendeku politikak atzean utzi eta gatazkak kaltetutakoek behar duten erreparazioa indartuz. Alegia, gatazkaren konponketan urratsak eginez.

    20 urte zituen Marixolek torturatu eta ihes egin behar izan zuenean. 38 urte igaro dira geroztik. Azken 15 urteak gartzelan eman ditu. Azken bi urtean gurasoak besarkatzeko aukerarik gabe. Borrokatu zuen erakundea ez dago jadanik. 86 urte bete berri dituen bere ama Maria Luisak, hitz egin zuten azken aldian agindu argia eman zion alabari: "Marixol, etxera! Atxurre zain daukotzu ortuen lan itxeko!".

Santi eta Maria Luisa, alaba Mairixolekin hizketan.

Maixol Iparragirre bideokonferentzia bidez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak