Antzuola eta Bergara lotzeko azken bidegorri zatia datorren agintaldian egingo dute, Aldundiaren arabera

Julen Iriondo 2019ko api. 10a, 15:47

Antzuola eta Bergara arteko bidegorria osatzeko eskatuz asteburuan egindako protesta dela-eta, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin harremanetan jarri da Goiena.

Protesta bultzatu dutenek eskatzen dute Antzuolatik Bergararako bidegurutzera arte moduan, handik Bergarako herrigunera arteko zatian, hau da, Urteaga kalean ere bidegorria egitea. Diote egin egingo dela uste dutela, baina ahal bezain azkarren egitea nahi dutela, erakundeek ez dezatela gaia ahaztu. Azaldu dute, dena den, ez direla zuzenean Bergarako Udalarekin eta Foru Aldundiarekin egon, euren asmoen berri ezagutzeko. Gaur bertan ziren, adibidez, Bergarako Udalarekin bilera eskatzekoak.

Honi buruz galdetuta, baina, hauxe da Foru Aldundiaren azalpena. Diputazioak Goienari azaldu dio Bergararako bidegurutzetik aurrerako bidegorri zatiaren proiektua, hau da, Urteaga kaleko zatiarena, eginda dagoela, eta lizitaziorako prest. Aldundiaren arabera hurrengo agintaldian egingo da Antzuola-Bergara bidegurutzetik Bergarako autobus geltokira arteko bidegorri zatia, "aurreikusita zegoen moduan", eta ondorioz bidegorriz lotuta geratuko dira bi herriak. Foru Aldundiak Goienari emandako informazioan ez da zehazten hurrengo agintaldian noiz egingo dituzten lanok.

Bestelakoan, behin autobidea zabalduta, Antzuolan autobide ondotik doan bidegorri zatia egiten ari dira orain, Galartzako zubiraino. Handik Bergararako bidegurutzea arteko zatia egingo dute ondoren. Hor bada zati bat nahikoa estua geratzen dena, metro eta 70 zentimetrokoa-edo, alde batean errepidea duelako eta bestean erreka. Hori zabaltzeari buruzko erabakimena Ura Agentziarena da, baina zaila dirudi horretarako baimenik ematea. Dena dela, estuagoa izanda ere, pasabidea izan izango ei da tarte horretan ere.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak