EAJren krisirik larriena bizitzea egokitu zitzaion Arzalluzi, alderdiaren zatiketa eta Eusko Alkartasunaren sorrera hain zuzen. Arzalluzen gidaritzapean, EAJk Ajuria Eneko Ituna eta Lizarra-Garaziko Akordioa sinatu zituen besteak beste.
Victoriano Gallastegi, Senatuan EAJko ordezkari den bergararrak Arzalluz gertutik ezagutzeko aukera izan zuen eta estimu handiz gogoratzen ditu berarekin bizitako uneak eta buruzagi historikoak Euskadiren alde egin zuen lana azpimarratu du. Gaineratu du, karisma handiko gizona zela eta egun ere haren hitzak presente daudela Madrilgo Senatuan.
Lourdes Idoiaga, Oñatiko EAJko zinegotziarentzat, berriz, azken mendeko politikaririk sendoena izan da Arzalluz. Gaineratu du Arzalluz hil izana abertzale guztientzat izan dela galera.
Markel Olano Diputatu nagusiak ere Arzalluzen heriotza deitoratu du eta Euskadiren aldeko lanean dena eman zuen gizon handia zela adierazi du. Diputatuak gaineratu du, Euskadi "zorretan" dagoela Arzalluzekin.