Aintzane Oiarbide: "Euskal Herriak izan duen politikorik handiena izan da Xabier Arzalluz"

Mirari Altube Arrese 2019ko ots. 28a, 17:09

Xabier Arzalluz iaz, Donostian (Argazkiak: EAJ-PNV Gipuzkoa, Flickr kontua)

Xabier Arzalluz Antia (Azkoitia, 1932) jeltzale historikoa hil da gaur, 86 urterekin. EAJko buru izan zen 1980 eta 1984 artean, eta 1986tik 2004ra. Euskal politikaren buruzagi garrantzitsuenetako bat izan da askorendako, Aintzane Oiarbide jeltzalearendako, esaterako, eta haren abertzaletasuna azpimarratu gura izan du.

Harreman estua izan zuen Oiarbidek Arzalluzekin, eta haren heriotzaren berria tristura handiarekin jaso du: "Euzkadi Buru Batzarreko presidente zela hartu-eman handia izan nuen alderdi barruan. Eta ordutik harreman estua izan dut nik neuk pertsonalki. Seguru asko, azken aldiz, joan den urteko Alderdi Egunean ikusiko nuen".

Aintzane Oiarbide Xabier Arzalluzekin, 2018ko martxoan egin zen 'Xabier Arzalluz Antia. Euskadiko historia politiko' dokumentalaren aurkezpenean.

"Karisma" handiko politikoa

Politika arloan Arzalluz bezalako buruzagirik ez dela izan uste du Oiarbidek: "Euskal Herriak izan duen politikorik handiena izan da niretzat, ezagutu dudan politikorik handiena. Eta benetako abertzale bat. Bere egoera pertsonalak alde batera utzi, eta beti, Euskal Herriaren aldeko ikuspegiarekin jarduten zuena. Izugarrizko karisma izan duen politikoa. Ez dut uste, gainera, bakarrik Euskal Herri mailako politikoa izan denik, harantzago joan dena baizik", eta gaineratu du: "Baina bereziki azpimarratu nahiko nuke bere benetako abertzaletasuna".

Bergarara sarri etorri izan zen: "Oso gustura, gainera", dio Oiarbidek eta gaineratu du: "Azken urteetan ere gurera etor zedin gura genuen baina osasun kontuengatik ez zen asko ibiltzen hara eta hona. Baina, egia da, Bergararekin harreman berezia zuen".

Arzalluzen heriotza "deitoratu" du Foru Aldundiak

"Euskadiren aldeko lanean dena eman zuen gizon handia" izan zela Arzalluz adierazi du Markel Olano diputatu nagusiak. Eta balioan jarri du hark utzitako ondarea, "historiako momentu bakoitza irakurtzen jakin eta Trantsizio garaian, euskal politikagintzako funtsezko pieza" bihurtu zena. Haren "balio etiko, demokratiko eta humanista" ere nabarmendu ditu diputatu nagusiak.

Familiari eta gertukoei dolumina adierazi die eta gaineratu du: "Gizon handia joan zaigu, bidea markatu zuen politikari handia. Euskadi beti egongo da zorretan berarekin".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak