Gehienetan, halako lapurretak talde antolatuek egiten dituzte eta, neurri txikiagoan, aldizkako delitugileek edo biktimekin zerikusia duten pertsonek. Taldean 3-5 pertsona ibiltzen dira, arropa zabalak janzten dituzte eta poltsak ibiltzen dituzte. Ertzaintzarengana jo dugu etxebizitzetako lapurreta hauek saihesteko aholku eske.
Batzuetan txirrina jotzen dute etxebizitza hutsik dagoela ziurtatzeko eta ondoren atearen sarraila behartu ondoren balioko objektuak lapurtzen dituzte. Beste banda batzuek, aldiz, plastikozko erlaitz txikiak edo itsasgarri-hariak erabiltzen dituzte pertsona-mugimendurik izan den edo ez jakiteko.
Etxean ez gaudenean, berriz, irratia piztuta uzteko edo pertsiana guztiz ez jaisteko gomendatu digute. Eta pertsona susmagarriren bat ikusi ezkero, berriz, berehala 112ra deitzeko.
Bestalde, azkenaldian lapurreta asko egin dira Debagoieneko komertzio eta lokaletan ere, azkena esaterako, atzo eguerdian Arrasateko Gaztetxean. Sarrera nagusiko atea indarrez zabaldu eta behin barruan, dirua ostu eta kalte materialak eragin zituzten. Lapurrak atzeman ahal izateko, atzo, 12:00etatik 17:30ak arte gaztetxetik pasa ziren lekukoen laguntza eskatu dute.
Azaroan zehar Bergarako Kartzela zaharra gaztetxean ere birritan sartu ziren kalte ekonomikoak eraginez.