Etxebizitzetako lapurretak saihesteko gomendioak

Maialen Regueiro 2018ko abe. 4a, 15:27

Ertzaintzak herritarren laguntza eskatu du etxebizitzetako lapurretei aurre egiteko eta edozein susmo izanez gero, 112ren bidez polizia-zerbitzuak ohartaraztea eskatzen da. Izan ere, aurtengo urtarriletik irailera bitartean Ertzaintzak etxebizitzetan egindako 2.018 lapurreta erregistratu ditu eta 345 pertsona atxilotu edo ikertu ditu delitu horiengatik.

Abenduko zubia eta Gabonak

Abenduko zubia eta Gabonak garai aproposak izaten dira lapurretak burutzeko.  Gehienetan, halako lapurretak talde antolatuek egiten dituzte eta, neurri txikiagoan, aldizkako delitugileek edo biktimekin zerikusia duten pertsonek.

Antolatutako taldeak

Taldean 3-5 pertsona ibiltzen dira, arropa zabalak janzten dituzte eta poltsak ibiltzen dituzte. Txirrina jotzen dute une horretan hutsik dauden solairuak aurkitzeko, eta etxebizitzako atearen sarraila behartu ondoren balioko objektuak lapurtzen dituzte: normalean dirua, bitxiak eta aparatu elektroniko txikiak izaten dira. Beste banda batzuek, aldiz, plastikozko erlaitz txikiak edo itsasgarri-hariak erabiltzen dituzte etxebizitzako atearen eta markoaren artean jartzeko, eta handik egun batzuetara egiaztatzen dituzte pertsona-mugimendurik izan den jakiteko. Egiaztatu ondoren, hutsik dauden etxebizitzetan sartzen dira sarraila txikituta, eta lapurreta egiten dute. Atea giltzaz itxi gabe badago, mekanismoak kaltetu gabe zabaldu dezakete sarraila.

Prebentzio-aholkuak

Ertzaintzak segurtasuna areagotzea eskatzen die herritarrei eta horretarako, prebentzio-aholku hauek eman ditu jakitera:

  • Komunitatean edo komunitatetik kanpora pertsona susmagarriren bat ikusiz gero, berehala deitu Ertzaintzara SOS Deiak 112 telefono-zenbakiaren bidez. Ez aurre egin, eta, ahal izanez gero, irudiak hartu gero errazago identifikatu ahal izateko. Plastikozko markatzaileak edo bestelako arrastoak hautematen badira, ez ukitu eta Ertzaintzari jakinarazi.
  • Etxeko atea beti giltzaz itxi dela ziurtatu, baita barruan gaudenean ere.
  • Norberaren atearen markoa, eta bizilagunena, sarri aztertu, talde antolatuek erabili ohi dituzten plastikozko markatzaileak edo itsasgarri-hariak jarri dituzten jakiteko.  
  • Ahalegindu beti etxean norbait dagoela aditzera ematen.
  • Higiezinari atxikita aldamioak badaude, ondo itxi leihoak eta pertsianak. Komeni izaten da enpresa instalatzaileak segurtasun-neurriak hartzea, esate baterako, bideozaintza ezartzea.  
  • Apurreta egiten badizute, ez ukitu ezer, ez jarri gauzak bere lekuan, eta berehala deitu Ertzaintzara.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak