Ohiturari jarraipena emanez, San Juan bezperako suak Debagoieneko herri guztietan piztuko dira bihar, ekainak 23. Suak izango dira protagonista herrietako plaza eta auzoetan, eta suarekin kontuz ibiltzeko gomendio batzuk eman dituzte Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak.
Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako gomendioak:
-Ez egin surik sutea hedatzeko arriskua sor dezaketen elementuetatik gertu, hala nola autoak, eraikinak, beirateak, gas hoditeria, argindar lineak, edukiontziak, landaredia, eta abar.
-Suaren ingurua garbi mantendu, hedatzea saihesteko.
-Sua egiteko, ez egin 4 metrotik gorako pilarik.
-Ez piztu surik haizeak gogor jotzen badu.
-Ez erabili likido sukoirik sua pizteko (gasolina, disolbatzaileak, alkohola, eta abar). Horrelakoen ordez, erabili papera edo lasto lehorra sua errazago pizteko.
-Ez erabili pisu arineko erregairik, haizeak mugitu egin baititzake: paperak, oihalak, plastiko txirbilak, konfetiak eta horrelakoak.
-Ez bota sutara edo su ingurura pirotekniako elementurik, ezta esprai, ontzi, lata, pneumatiko, zabor edo plastikorik ere -ke toxikoa eragin dezakete-.
-Itxita eduki sua egiten den lekutik gertu dauden eraikinetako leiho eta balkoiak, txinpartak etxebizitzetara sar ez daitezen.
-Gainbegiratu suaren inguruan egon daitezkeen haurrak; hala ere, sua heldu batek zainduko du beti.
-Utzi segurtasun tartea suaren inguruan, eta kontrolatu jendea gehiegi hurbildu ez dadin eta gainetik salto egin ez dezan.
-Prebentzio neurri gisa, prest eduki su-itzalgailu bat edo mahuka bat.
-Joan aurretik, ziurtatu su geldorik edo txingarrik ez dela geratzen. Estali errautsak hareaz edo lurrez. Zure erantzukizuna da sua ondo itzaltzea.
-Gertakari edo larrialdiren bat gertatuz gero, deitu 112 telefonora (sos deiak).