Dena prest San Juan bezperarako

Mikel Zumalde 2018ko eka. 21a, 09:09

San Juan sua iaz.

Ekitaldiak arratsaldean hasiko dira eta kaleak Bergarako konpartsak girotuko ditu. Aurten, tantaia igoko duten neska-mutilak berritasunekin datoz, ohitura zaharrak berpizteko asmoz.

Dena prest da Aretxabaletan urteko gau magikoari ongi etorria egiteko. Horretarako, urtero bezala, Udalak egitarau bat prestatu du.

Egitaraua:

  • 18:00 Leizarra musika eskolaren emanaldia: Plaza dantza. Musika eskolako dantzariei, gurasoei eta gainerako herritarrei zuzenduta.
  • Jarraian: Bergarako konpartsako buruhandiak eta erraldoiak Aretxabaletako txistularien laguntzaz.
  • 21:00 Gabezin taldearekin dantzaldia.
  • 22:20 San Juanetako kalejira; Mitarte 8tik irten plazarantz eta Leizarra musika eskolakoen eskutik San Juanetako Zortzikoa.
  • 22:30 San Juan sua, eta ondoren, Gabezin taldearekin dantzaldia.

Bukatzeko, hurrengo urtean Santa Ageda neska-mutilak izango direnek tantaia jasoko dute Herriko Plazan eta hainbat berritasun daude honen inguruan.

Berritasun ugari

Aspaldiko ohitura den legez, datorren urtean Santa Ageda neska-mutil izango direnak -2000. urtean jaiotakoak-, tantaia igotzeko erronka izango dute aurretik. Horretarako, Isurieta auzoko pinudira joango dira tantaia aukeratu eta botatzera. 70 neska mutil goizean goiz abiatuko dira eta bota ostean Herriko Plazara eraman beharko dute bertan zuritzeko.

Berritasunak, gauean etorriko dira. Lehenengo aldiz, megafono bat erabiliko dute tantaia igotzen ari diren bitartean. Elene Carrillo gazteak, zergatik erabiliko duten azaldu du: "Megafonoa giro egokia sortzeko izango da", adierazi du.

Mikel Arriolak, iazko Santa Ageda mutilak, errepikatu egingo du aurtengoei erakusteko: "Aurreko urteko esperientzia oso polita izan zen, eta aurten berriz ere egiteko aukera izanik, ilusio handiarekin hartu dut erronka". Era berean, aurreko urtean egin ziren "akatsak" ez egiten ahaleginduko dela gaineratu du, eta horretarako "tantai egokia aukeratzea ezinbestekoa" izango da.

Segurtasuna bermatze aldera, hainbat ikerketa egin direla azpimarratu du Arriolak, eta adituen iritzia kontutan hartuz, arrisku gutxiago egongo direla uste du.

Gainera, orain arte galduta zegoen ohitura bat berreskuratuko dute. Tantaia igo ostean, irasagarra eta gazta banatzeaz arduratuko dira bertaratzen diren ikusleentzat.

San Juan egunean irak atarteetan

Azken urteotan berreskuratutako ohiturari eutsita hainbat herritarrek irak botako dituzte herriko atarte guztietan, baita gurutzeak jarri ere hainbatetan.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak