Ekainaren 23a San Juan bezpera da, eta, ohiturari jarraituz, Fernando Eskoriatza plazan tantaia altxatu eta sua piztuko dute datorren urtean Santa Ageda neska-mutil izango diren gazteek. Hain zuzen, 2001ean jaio ziren herriko gazteek.
Urte asko dira halako kintada handirik ez zegoela Eskoriatzan; izan ere, 63 gazteko taldetxoa izango da aurten –27 emakumezko eta 36 gizonezko–. Hala, lehenbizi, beraiek arduratuko dira txopoa bota, herrira jaitsi eta San Juan bezperan altxatzeaz.
Gaur ikusi, zapatuan ekarri
Aurten San Juan sua eta tantaia altxatuko duten taldeko kide Leire Lezetak adierazi duenez, gaur joango dira tantaia ikustera: "Bolibar auzoko Zabalarekin batera joango gara gaur txopoa ikustera, eta nola jaitsi dezakegun ikusiko dugu. Aurten, kintada ederra gara, eta eskuz altxatzea ere eskatu diegu Udaleko ordezkariei, baina ezezkoa eman digute, arriskutsua izan daitekeelako. Zapatu goizean, txopoa jaitsi eta plaza ondoan utziko dugu; gero, afaritxoa egingo dugu; eta, sua piztu eta txopoa altxatu ondoren, Arrasateko jaietara joango gara".
Egitaraua
Fernando Eskoriatza plazan
• 18:00 Txorimaloaren bila. Herriko plazan elkartuko dira txorimaloaren bila joateko eta datorren urterako lore-sendorra prestatzeko.
• 19:00 Buruhandiak aterako dira.
• 22:00 2001ean jaiotako herriko gazteek tantaia jasoko dute.
• 22:30 San Juan sua. Aurtengo sua 2001ean jaiotakoek piztuko dute.
•Ondoren Erromeria txistulariekin.