Bihar, ekainak 22, goizean hasiko dira udal brigadako langileak San Juan suko txondorra prestatzen. "Lurzorua zaintzea oso garrantzitsua da, eta kontuan hartu behar da hori. Horretarako, hondarra botatzen dugu lehenengo, blokeak jartzen ditugu gero, eta horien gainean txapa handi bat. Txondorra xafla horren gainean egiten dugu, egurrarekin. Enborren azalak ere erabiltzen ditugu; txondorraren buelta osoan jartzen ditugu, egur pilari forma emanez", azaldu du Andoni Beristainek, Udaleko brigadaburuak.
Txondorrak hiru bat metroko altuera izango du eta inguruan hesiak jarriko dituzte.
Alkateak
Zapatuan, San Juan bezperan, piztuko dute txondorra, 22:30ean. Mikel Biain alkateak emango dio su aurten. Udako solstizioaren jaia, baina, iluntzean hasiko da ospatzen Oñatin, 18:30ean herriko txorimalo eta buruhandiekin egingo den kalejirarekin. 22:00etan, eta sua piztu bitartean, alde batera utzi gura diren gai zaharrak orri batean sutara botatzeko aukera izango da. San Juan sua piztuta dagoen bitartean, Oñatz dantza taldeko dantzariek urteko dantza egingo dute aurten ere: San Juan Sua izeneko dantza. Foruen plazan izango da hori, txondorraren bueltan. Aita Madina txistulari taldeko txistulariak izango dituzten ondoan. 23:00etan, erromeria hasiko da Erromeria taldearekin.
Laixan euskara elkartea hasi zen San Juan sua ospatzen eta azken urteetan herriko hiru ikastetxeek antolatu dute elkarrekin. Baina iazkoa euren azkena izango zela iragarri zuten ikastetxeek eta aurten Oñatiko Udalak hartu du antolaketaren ardura.