Demandatzaileen abokatuaren ondorioak
Demandatzaileen abokatu Raul Tenesek hartu du hitza saioaren hasieran. Tenes eten barik saiatu da Fagor Etxetresnak lantegiaren eta Mondragonen arteko lotura eta bigarrenak lehenengoaren erabakietan izan zuen esku hartzea azpimarratzen. Abokatuaren esanetan, jarraipen zehatza egiten zen Mondragonen aldetik eta 2011 eta 2013 urteen artean Mondragonek hartu zituen erabaki guztiak egoeraren jakitun zelarik.
Hala, “kontakizun” bat helarazi zutela nabarmendu du. Tenesek, Javier Retegik batzar baten erabilitako hitz hori erabili du behin eta berriz “Mondragonek bazkideei helarazi zien mezuaz” aritu denean. Aipatu du, Retegik batzarrean esan zuela, “plan hori” aurrera eramateko ezinbestekoa izango zela bazkideengan eta kanpokoengan konfiantza sortzea. “Kontakizun horrek gidoi bat izan du”, azpimarratu du Sunion bulegoko abokatuak. “2011ko bukaeratik aurrera, kontakizun bat osatu zuten Mondragoneko zuzendariek, Fagor Etxetresnen lehiaketa atzeratzeko. Jakinik espektatiba faltsu bat sortzen ari zela, mina sortzeko helburuaz”.
Elkartasunaren errezeta magikoa
Abokatuak esan du, “elkartasunaren errezeta magikoa” izan zela Fagor Etxetresnetako zuzendariek bazkideei igorri zieten mezua. Horrela lortu zen soilik, Tenes aburuz,bazkideen %20k eskatzea diruaren itzulera. Horietatik soilik bik egin zuten
demanda, eta bi horiek ez ziren Ordaindu eta Eskuratu elkarteetako kideak. “Nola ez, planaren alde egiten zuten bazkideek eta ekarpenak kooperatiban mantentzearen alde, esaten baitzen, horrela ez bazen, hurrengo egunean bertan egongo zirela lehiaketan”.
Raul Tenesek azpimarratu du lekukotzen bitartez argi gelditu dela Fagor Etxetresnetako zuzendarik plangintza hondamendia izan zela. Aurreikuspen falta handia izan zuten, bere ustez, eta haien erabakiak izan ziren galerak eragin
zituztenak.
Zuhurtzia eza
Mondragonek zuhurtzia gehiagorekin ibili behar zuen demandatzaileen abokatuaren arabera. “Zehaztasun handiagoarekin jokatu”. Aldiz, “erabaki zuten korporazioaren intereserako Fagorrek etorkizuna ziurtatuta zutela esatea”. Raul Tenesen ustez, bazkideak ez zeuden prestatuta, ekarpenean gainean eta finantza kontuetan ezagutza txikia zutelako.
Mondragonek dio epea likidazioarekin batera hasten dela eta guk diogu 2015ko otsailera arte ez zitzaiela komunikatu bazkideei dena galdu dutela. Hau da, kooperatiban baja otsailean eman zitzaien gutun bidez, Bengoetxeak baieztatu zuen moduan, eta horrenbestez urtebeteko epe barruan egin zen demanda.
Mondragonen abokatuaren ondorioak
Arantza Estefania Mondragonen abokatuak hartu du hitza Tenesen ostean. Estefaniak demanda bat egiteko oinarri juridikoak behar direla eta egitateak frogatu egin behar direla nabarmendu du. Azpimarratu du demandaren arabera Mondragonek bere interesen alde jokatu zuela eta hori erabat ezeztatuta gelditu dela bistako lau egunetan. "Berebiziko garrantzia" eman dio, egun hauetan, eztabaidatu diren "hainbat gai dagoeneko hartzekodunen lehiaketan ebatzita" gelditu zirela. Esaterako, lehiaketa ezustekoa izan zela eta han ebatzi zela ez zitzaiela informaziorik ezkutatu hartzekodunei, tartean Ordainduri eta Eskuraturi.
Gainera, arantza Estefaniak aipatu du, Mondragon ez dela talde bertikal bat edo Holding bat, eta hori hartzekodunen lehiaketan frogatuta gelditu zela, kooperatibak independenteak zirela ebatzi zelako. "Dokumentazio urteetan aztertu ondoren, argi esaten da Fagor Etxetresnak kooperatibak bakarrik hartu zuela lehiaketara joateko erabaki Mondragonen esku-hartze barik".
Beste norabide bat
Arantza Estefania abokatuak azaldu du, badirudiela demandatzaileek epaiketan zehar "euren argumentuetan sinisteari utzi" diotela. Hori esateko oinarritu da, prozeduran zutabe izan diren gai asko demandanteek ez dituztela ahozko bistan aipatu ere egin. "Tu Lankide aldizkariko artikuluen eta Txema Gisasolak Forum Europan emandako hitzaldiaren gainean, hain zuzen".
Azpimarratu du, gainera, saioetan eta ondorioetan batzarretako aktetan jarri duela fokua Raul Tenesek, eta "erabili diren guztietatik bi bakarrik direla Mondragonen organoenak". "Baten ere ez dira agertzen engainuaren arrastorik, soilik Korporazioaren kezka azaltzen bertan da", esan du Arantza Estefaniak.
Demanda preskribatuta
Mondragoneko abokatuaren arabera, demanda jartzeko epea, 2014ko uztailaren 29an hasten zen, eta urtebeteko epea zuten horretarako. Izan ere, "ekarpen ekonomikoak jasotzeko epea egun horretan iraungitzen" ziren Estefaniaren aburuz. Demanda 2015eko azaroan aurkeztu zuten elkarteek. Beraz, abokatuaren esanetan, preskribatuta egongo litzateke.
Lekukoek berretsi dute
Abokatuaren hitzetan, epaitegitik igaro diren lekukoek argi berretsi dituzte hainbat puntu garrantzitsu. Besteak beste, "ekarpenen erantzukizuna Mondragoni pasatu nahi izan zaio, baina Korporazioak figura horiek, ekarpen bereziak eta merkataritza maileguak, ez dituela erabiltzen argi utzi zuen Arantxa Laskurainek, eta Fagorrenak direla aipatu zuen". Gainera, Estefaniaren aburuz, lekuko guztiek esan dute "erabaki estrategikoak kooperatiba bakoitzak hartzen zituela modu independentean".
Mondragonen balorazioa
Demandanteen balorazioa