ALBISTEAK

Perituak eta lekukoak Mondragonen alde, gaur ere

Miren Arregi / Josu Bilbao 2018ko mai. 9a, 13:58

Ordaindu eta Eskuratu elkarteen eta Mondragonen ahozko bistaren hirugarren egunean, Sergio Treviñok, Xabier Bengoetxeak eta Ane Alkortak deklaratu dute lekuko moduan, eta Korporazioak eskatutako bi perituk ere.

Sergio Treviño Fagor Etxetresnetako azkeneko zuzendari orokorra izan da deklaratzen lehena. Treviñok, atzerritik etorri behar izan du, eta bere lekukotzea eskertu dute bi aldeek. Zuzendari orokor ohiak informazio saioak etengabe egiten zirela eta azalpenak "modu didaktikoan" ematen zirela azpimarratu du: "Bazkideei zenbakiez gain kooperatibaren argazki erreala azaltzen genien batzarretan”.

Kooperatibako kontseilu errektoreko azken presidente Xabier Bengoetxeak deklaratu du ondoren. Bengoetxeak adierazi du Mondragonek ez zuela eskurik hartu hartzekodunen lehiaketan. "2013an, ekarpen boluntarioak zituztenekin batu nintzen behin baino gehiagotan. Ezin geniela interesik ordaindu azaltzeko bildu nintzen eurekin, besteak beste". Gainera, "langile guztiak oso kontziente" zirela "egoeraren larritasunaz", azpimarratu du.

Hirugarren lekukoa, hartzekodunen lehiaketako kudeatzaileetako bat izan da, Ane Alkorta, hain zuzen. Alkortak, azaldu du lehiaketan ondorioztatu dela Mondragoneko kooperatibak talde independenteak direla, eta Fagorrek eta Edesak modu autonomoan hartu zutela lehiaketan sartzeko erabakia. “Mondragon ez genuen ikusi hartzekodunen lehiaketako errudun moduan", azaldu du Alkortak, eta ondorioztatu du ez zuela Mondragonek lehiaketa hori atzeratu. Gainera, argi utzi du ez zitzaiela informaziorik ezkutatu hartzekodunei, tartean Ordaindu eta Eskuratu elkarteei. Horrez gain, Ekimenberri operazioa baldintza egokietan egin zela adierazi du, eta ez zela irregulartasunik egon marken gaiaren gainean.

Bukatzeko, Mondragonek bi peritu aurkeztu ditu. Eurek txosten bat aurkeztu dute, eta horren arabera "ez zegoen hartzekodunen lehiaketa atzeratzeko arrazoirik Mondragonek ia 100 milioi galdu baitzituen" lehiaketa heldu aurretik. Gainera, “Ekimenberri ez zen arrakastatsua izan Mondragonendako”, perituek azaldu dutenez. Horrez gain, "ekarpen hauek zuten etekina bankuek eskaintzen zutena baino askoz handiagoa zen”, euren azaldu dutenez. "Ekarpen guztiak itzultzea ezinezkoa izango litzateke 2012an ere", gaineratu dute.

Abokatuen balorazioak

Mondragonen abokatu Arantza Estefania pozik atera da gaurko saiotik, bai testiguek, bai perituek eta bai konkurtso-administrazioko kide batek ere euren argudioak berretsi dituztelako. Ordainduko eta Eskuratuko abokatuak, bestetik, testiguek defentsaren aldeko argudioekin bat egin badute ere, aurkeztutako dokumentazioak euren aldeko epaia ahalbidetu dezakeela uste du.

Eskuratuko eta Ordainduko abokatu Raul Tenesek nabarmendu du, testiguek adierazi duten moduan langileak hain kontziente baziren egoeraren larritasunaz, zaila dela ulertzea zergatik ez zituzten itxieraren aurretik euren aurrezkiak atera: "Beste edozein entitateetan jendeak gutxieneko arrisku bat ikusten duenean aurrezkiak ateratzen ditu. Ba hemen ez, eta hain zuzen ere hori da guk demandan galdetzen duguna eta epaileak erantzun beharko duena".

Bestetik, Mondragoneko abokatu Arantza Estefaniak gaurko saioaren garrantzia azpimarratu du saioaren bukaeran: "Oso gauza garrantzitsuak atera dira gaurko saioan eta besteak beste berretsi da informazio kanalak bazeudela eta errealitatea kontatu egiten zela". Eta nabarmendu du, epaiketan lantzen ari diren gai asko eta asko dagoeneko hartzekodunen lehiaketan ebatzita daudela. "Ez dela talde bat merkataritza zentzu baten, autonomoak direla, ez zela atzerapenik egon lehiaketaren aurkezpenean, Fagorren beraren eskaera bat izan zela, ez zuela Mondragonek eskurik hartu, lehiaketaren ezustekoa izan zela, edo Ekimenberri operazioa operazio normal eta ohiko bat izan zela", dio Estefaniak.

Lekuko guztiek deklaratuta, bihar, ondorioen txanda izango da. Hala, epaia emateko gertu geldituko da.

Ordainduk eta Eskuratuk "kontraesanak" nabarmendu dituzte

Bestetik, demandatzaileek, alegia, Eskuratu eta Ordaindu plataformek, adierazi dute, Xabier Bengoetxearen eta Sergio Treviñoren lekukotzek balio izan dutela "epaiketan zehar egon diren kontraesanak bistaratzeko": "Hilabete baten dirua zegoen, eta hurrengoan ez. Egun baten MCCk dirua ipini behar zuen eta hurrengoan ez. Eta bitartean inoiz ez ziren bazkide inaktiboak informatzen aurrezkiak kooperatiban mantentzearen arriskuez".

Gaineratu dute, "Mondragon ez dela inoiz kaltetua atera Fagorren lehiaketatik". Diote, Mondragonek hartzekodunen lehiaketa atzeratu zuela, Fagor eta Edesako aktibo nagusiak ez zitezen berreskuratu ziurtatzeko. Gaineratu dute, Ane Alkortak konkurtso administrazioko kideak "onartu duela Mondragon Ekimen Berri elkartearen bitartez Arrasateko udalarekin akordio batera iritsi dela, lantegiko lursailak birkalifikatzeko".

Mondragonen balorazioa

Mondragonek bestetik, gogora ekarri du saioan zehar gogoratu dela "badaudela Fagor Etxetresna Elektrikoetako eta Edesako prozedimendu konkurtsaleko auto irmoak, Ane Alkortak adierazi duen moduan. Besteak beste, hartzekodunei emandako informazioa zuzena izan da, konkurtsoaren instrukzio-epaileak
dekretatu zuelako Mondragon ez dela helburu merkantilak dituen talde bertikal bat, edo Fagor Etxetresna Elektrikoak eta Edesak eginiko konkurtso eskaera egin behar zen garaian egin zela, nahiz eta demandatzaileek Mondragoni egotzi zioten prozedimendua atzeratzen saiatu izana".

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak