Fagor Etxetresnetako Errektore Kontseiluko presidente ohi Javier Retegiren deklarazioarekin eman zaio hasiera bistari. Ordubete inguru egon da bere lekukotza ematen, eta Retegik behin eta berriz adierazi du Mondragonek ez zuela Fagor Etxetresnak kooperatibako erabaki estrategikoetan esku-hartzerik izan, eta bazkideak egoeraren jakitun zirela uneoro.
Bide beretik egin du Ana Maria Beristainek ere, Fagor Etxetresnetako finantza saileko kontrol arduradunak. Denek lantegien egoera erreala zein zen bazekitela adierazi du Beristainek eta Mondragonek ez zuela zer ikusirik izan 2012 urtean hartu zen ekarpenen itzulera luzatzeko erabakian.
Agustin Markaide izan da azken lekukoa, eta honek argitu du Fagor Etxetresnetako egoera zein zen ez zekiela, kooperatibak Mondragoni errekurtso gehiago eskatu arte. Gainera, azpimarratu du berak ez zuela inoiz adierazi ekarpen ekonomikorik bermatuta zegoenik.
Javier Sotil Mondragon korporazioko presidente ohia deklaratzera deituta zegoen, baina demandatzaileek uko egin diote haren lekukotasunari.
Abokatuen inpresioak
Saioaren bukaeran eman dute bi aldeetako abokatuek barruan gertatutakoaren gaineko inpresioen berri.
Ordainduko eta Eskuratuko abokatu Raúl Tenésentzat "gaurko testigantzekin are argiago gelditu dira Mondragonek helarazi gura duen mezuaren, alegia, bazkideak egoeraren jakitun zireneko egoera baten eta errealitatearen arteko kontraesanak". Gainera, Tenésendako ezin da zalantzan ipini "Fagorren eta Mondragonen arteko lotura, lekukoak, Fagor ez dela Mondragon esaten ari badira ere".
Kontrara, Mondragoneko abokatu Arantza Estefaniarentzako, atzo bezala, gaur ere argi gelditu da, ez dela "inolaz ere engainurik izan". Arantza Estefaniak gaineratu du, egoera larriaren jakitun zirela Fagorreko arduradunak, eta ahalegin guztiak egitearen beharra ikusi zutela azkenean gauzatu egin zen lantegiaren itxiera ekidite aldera.
Borondatezko ekarpenak zituztela
Javier Retegik eta Ana Maria Beristainek deklaratu dutenez, borondatezko ekarpenak zituzten Fagorren eta erorketarekin haiek ere dirua galdu zuten. Arantza Estefaniarentzat, Mondragoneko abokatuarentzat, gertakari hori oso adierazgarria den bitartean, Ordainduko eta Eskuratuko abokatu Raul Tenésendako, eredu izateko ariketa bat besterik ez da: “Nola aterako du bada presidenteak dirua gainontzekoei ekarpenak mantentzeko eskatzen ari baziren?” Adierazi du Tenések.
Bihar hirugarren saioa
Bihar egingo da hirugarren ahozko bista. Fagorreko azken Kontseilu Errektoreko presidente Xabier Bengoetxeak eta zuzendari nagusi Sergio Treviñok deklaratuko dute. Baita Ane Alkortak, hartzekodunen lehiaketako administrazioko kideak. Gainera, Mondragonek aurkeztutako bi perituk deklaratuko dute.
Mondragonen "Erabateko kontrola" salatu dute
Ordaindu eta Eskuratu plataformek "Mondragonek testiguengan izan duen erabateko kontrola" salatu dute saioaren bukaeran. Ordainduko eta Eskuratuko kideek nabarmendu dute, Javier Retegik gaurko saioan esan duela, "asanbleatako aktak irakurri" dituela. Haien esanetan, Fagor Etxetresnetako asanblea orokorretako aktez ari da, "soilik epaiketa prozesuko artxiboetan eta lehiaketan dagoen kooperatibako artxiboetan dauden" aktez. Horietara sarbidea soilik konkurtso administrazioak duela adierazi dute. Eskuratuk eta Ordainduk diotenez, Retegik soilik Mondragonen bitartez atera ahal izan ditu akta horiek. "Gure abokatuek ez diote eman hori argi dago eta pentsatu gura dugu konkurtso-administrazioak ere ez dizkiola eman aktak dagoeneko taldeko enpresa baten ere lan egiten ez duen pertsona bati".
Gainera, Ordainduko eta Eskuratuko kideek atsekabea azaldu dute testiguek Mondragonen bertsioari eutsi diotelako uneoro, "errealitatearekin bat ez datorren" bertsio bati. Erantsi dute, batzorde bereziak eratu zirela bi kooperatiben egoera jarraitzeko eta han zeudela Mondragoneko ordezkariak. "Orain, aldiz, inor ez da gogoratzen batzorde haietaz", diote. "Existitu izan ez balira bezala da".