Arantxa Laskurain, Mondragon Taldeko idazkariak bere erantzunetan korporazioa "kooperatibak" moduan izendatu du sarritan. Aipatu du Taldeko erabaki guztiak kooperatibek hartzen dituztela, bazkideei informazio osoa ematen zaiela eta berak ez zekiela zehatz mehatz Fagor Etxetresnak zein egoeratan zegoen, bera ez baita bazkide. Gehitu du borondatezko ekarpenen gaia sekula ez zela Mondragonen errektore kontseiluan erabili, ekarpen horiek, ekarpen bereziak eta merkatal maileguak Fagor taldearen kontu bat direlako, ez Mondragon taldearen kontu bat. Adierazi du krisi egoera oso larria zela gizarte osoan, eta aurretik kooperatiba txikien desagertzeak ikusiak zirela, baina sekula ez mila lagunetik gorako kooperatiba bat.
Demandatuaren abokatuen galderei, erantzun die esanez Mondragon Taldeak ez zuela agindu zuzenik eman borondatezko ekarpenak ez bueltatzeko (eta une honetan aretoan juizioa jarraitzen ari ziren demandatzaileen marmarra entzun da). Gehitu du ez zela jarraibiderik eman informazio okerra emateko TuLankide aldizkarian.
Epaileak galderak lasai egiten utzi die bi abokatuei, ia mozketarik egin gabe. Pare bat aldiz baino ez dio oharteman demandatzaileen abokatuari egiten ari zen galdera balorazio bat zela, ez galdera bat. Izan ere, alderdi bietako abokatuek egin dituzte galdera luzeak, sarri barruan baieztapen bat edo balorazio bat zeukatenak. Baina epaileak aske laga die galderak planteatzen lehen saio honetan.
Ondoren Txema Gisasolak, 2012ko uztailera arte Fagorreko zuzendari nagusia izandakoak deklaratu du. Laskurainek baino ziurtasun apalagoaz itxura batean, hark deklaratutakoaren haritik egin ditu adierazpenak. Erantzun du 2008tik Fagor egoera gainbeheratsuan zegoela, eta bazkideak horren jakitun zirela. Garagartzako pabiloia saltzea Fagor beraren ekimena izan zela, eta kooperatibari likidezia eman ziola horrek, bankuei 2012, 2013 eta 2014ko zorraren zati bat ordaintzea ahalbideratu ziolako. Onartu du Fagor Etxetresnak interesa zeukala ekarpenen maileguari eusteko, finantziazio horren premian zegoelako. Abokatuak galdetu dio baita ere Economia Forum Europa jardunaldietan egindako adierazpenengatik, esanez Fagorrek etorkizuna zuela eta ez zeukala berfinantziatzeko arazorik. Erantzun du hori horrela zela, berriki salduta zeudelako pabiloiak, eta beraz, bankuen zorra zati handi batean ordainduta zegoela, eta adierazpen horiek egin zirela inguru politiko eta finantzario batean, ez bazkideei zuzendutako informazio batean.
Mondragon taldeko abokatuak galdetuta, argitu du 2011an erabili ziren aukeren artean sekula ez zela Fagorren itxiera aurreikusi. Mondragon taldeak jarri zituen 70 milioiren ondoren, kooperatibaren bideragarritasunaz hitz egiten zutela. Eta bukatzeko, Mondragon taldeko abokatuaren galdera garbiei erantzun die: ez zuela sekula esan bazkideek ekarpenak bermatuta zituztenik, ez zuela konkurtsoa atzeratzeko eskatu, 2012an, Mondragon maileguaren ondoren ez zitzaiola burutik pasatzen konkurtsoa, eta bazkideek une oro guztiaren informazioa izan zutela.
Beste bi lekuko aritu dira -askoz ere laburrago hauek-, galderak askoz ere gutxiago izan dira Fabian Bilbao Fagor Etxetresnak Kooperatibako zuzendari izandakoarentzako eta Jose Maria Aldekoa Mondragon Taldeko presidentearentzako. Lehenak esan du ICOren mailegua aurreikusita zeukatela, baina horrek kale egin zuenean, Mondragon taldeak ipini behar izan zuela dirua. Eta informazio guztia eman zitzaiela bazkideei. Hain zuzen, gaineratu du, 2012ko abenduan egin zen batzar orokorra oso gatazkatsua izan zela, eta eztabaida eta kontrako ahots ugari sortu zirela bertan, bereziki bazkideei entzutekoak, gozoa ez zen informazioa eman zitzaielako. Aldekoaren galdeketa laburra izan da, adierazi du Gisasolak Fagorreko zuzendaritza laga zuenean eta Mondragon Taldeko presidente izatera pasa, ez zuela denbora askorik izan Aldekoarekin berarekin kolaboratzeko. Ez zela gainera oso beharrezko izan trantsizioan laguntzea, Gisasolak kooperatibak ezagutzen zituelako, eta nahikoa izan zela Brasil eta Txinako kooperatibak bisitatzea berarekin hango jendea aurkezteko.
Demandatzailearen abokatuak azken lekukoari uko egin dionez, ordu biak baino lehenxeago bukatu da asteleheneko lehen saio hau. Hurrengo bi egunetan lekuko gehiago pasako dira epai aretotik, eta ziur asko galderak ere zentzu berean joango dira.