ALBISTEAK

Lekukoek diote Mondragonek ez zituela bazkideak engainatu

Miren Arregi Amasorrain 2018ko mai. 7a, 18:00

Fagor Etxetresnetako eta Edesako hainbat bazkide ohik, Ordaindu eta Eskuratu plataformetan baturik, Mondragonen kontra ipinitako demandaren epaiketa hasi da gaur, maiatzak 7, Bergaran. EAEko orain arteko demandarik handiena da. 954 bazkide ohik 47 milioi euro erreklamatzen dizkiote Mondragoni. Lekukoek Mondragonen bertsioa babestu dute. Bihar bigarren ahozko bista egingo da. Goienak zuzenean egingo du kontakizuna.

Gaurko auzi saiora bost lagun ziren lekuko gisa deklaratzera deituak. Mondragoneko idazkari nagusi Arantxa Laskurain, Mondragoneko presidente ohi Jose Maria Aldekoa eta Txema Gisasola, Fagorreko zuzendari orokor ohi Fabian Bilbao eta Mondragon taldeko finantza arduradun Belen Kortabarria. Azkenean, baina, auzi-jartzaileen abokatuak eskatuta, Kortabarriak ez du bere testigantzarik eman. Gainontzekoek, berretsi egin dute Mondragonen bertsioa. Alegia, ez zela informaziorik ezkutatu eta bazkideek bazutela egoeraren berri. 

Abokatuak pozik

Ordainduko eta Eskuratuko abokatu Raul Tenésen esanetan, kontradikzio argiak izan dituzte testiguek euren deklarazioetan.  Gainera, dio, aurrerapausoak eman direla Mondragon taldea erantzule dela demostratzerako orduan, ez horrenbeste testiguek esan dituztenak kontuan hartuta, baina bai, batzar orokorretako eta kontseiluetako aktak kontuan hartuta.

Mondragoneko abokatuak ere, bestetik, pozik atera dira gaurko ahozko bistatik. Arantza Estefania abokatuarendako argi gelditu da engainuaren teoria ez dela egia.

Ikusmina

Epaiketaren lehen egunak sekulako ikusmina piztu du. Euskal Herriko eta Espainiako komunikabide asko eta asko batu da gaur goizean Bergaran. Ordainduko eta Eskuratuko hainbat lagun ere izan dira bertan. Testiguen sartu irtenak interesa piztu badu ere, ez da haiek epaitegira sartzen eta irteten ikusteko aukerarik ahalbidetu.

Bihar, bigarren saioa

Bihar bigarren ahozko bista egingo da. Bertan deklaratuko dute lekuko gisa Mondragoneko presidente ohi Javier Sotilek, Agustin Markaidek, Fagor eta Edesa kooperatibak salbatzeko berrestrukturazio fondoko arduraduna zenak, Fagorreko Kontseilu Errektoreko presidente ohi Javier Retegik eta Kooperatibako presidente orde ohi Ana Maria Beristainek. Hamarretan hasiko da saioa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak