Herritar ugari batu dituzte Bernat Etxepare Lizeoaren aldeko elkartasun krosek

Iker Oñate 2018ko mar. 23a, 19:56

Baionako Bernat Etxepare Lizeoak martxan duen Hazten gaitu, hazten dugu diru bilketa kanpainari ekarpena egin gura izan diote ibarreko ikastolek. Eta elkartasun krosak antolatu dituzte egubakoitzean bost herritan –Oñatin, Aretxabaletan, Eskoriatzan, Bergaran eta Arrasaten–.

Jende andanak egin du bat Bernat Etxepare Lizeoaren aldeko ekimenarekin. Hain zuzen, elkartasun krosa izan dute eguneko ekintza nagusi. Euskara zale oro zegoen gonbidatua ekintzan esku hartzera: "Kutsu herrikoia eman gura genion. Herritar orok har zezakeen parte hitzorduan". Hala, euro baten truke izan dituzte dortsalak eskuragai. "Bernat Etxepare Lizeokoei emango diegu gaurkoan bildutako dirua. Geure aletxoa jarri gura dugu", azaldu du Iñaki Telleriak, ekimenaren bultzatzaileetako batek.

Askotariko ekintzak zituzten antolatuta –egitarau propioa zuen herri bakoitzak–. Zehatz esanda, ikasle krosak egin dituzte goizean zehar, eta, arratsaldean, gainerakoak. Bada,  Oñatin, Eskoriatzan, Aretxabaletan eta Arrasaten 18:00etan egin dituzte elkartasun krosak; eta, 19:00etan, Bergaran. Bergararrek bigarren eskuko azoka solidarioa izan dute eguneko hitzordu nagusiaren aurretik.

Lizeokoak, Eskoriatzan eta Bergaran

Debagoieneko ikastolen laguntza eskertu gura izan dute iparraldekoek: Eskoritzako eta Bergarako ekintzetan esku hartu dute. "Zinez eskertzekoa da Debagoieneko ikastolek guri lagundu guran antolatutakoa. Izugarria da hemen dagoen elkartasuna", azaldu dute Bernat Etxepare Lizeoko ikasleek. Eta gaineratu dute "egun berezia" bizi izan dutela.

'Hazten gaitu, hazten dugu'

Berriki, diru bilketa kanpaina jarri du martxan Baionako Bernat Etxepare Lizeoak, Hazten gaitu, hazten dugu izenpean. "Kontuan izan beharra dago bigarren hezkuntzako ikasketak euskaraz eskaintzen dituen beste lizeorik ez dela Ipar Euskal Herrian. Beraz, euskaraz ikasi gura duenak bertara joan beharra du", azaldu dute herri krosen bultzatzaileek.

Hori horrela, eskaintza pedagogikoa indartzeko hautua egin zuen lizeoak. Eta horretan dihardu 2016az geroztik; fase berrian, 300.000 euro lortu gura zituen horrek eskatutako inbertsioari aurre egiteko. Horretan laguntzea da kanpaina berriaren helburua. Gaur-gaurkoz, 50.000 euro dituzte beharrezko hornidura guztiak lortzeko. "Duda barik, Debagoieneko herrietako elkartasun kutxak lagungarri izango zaizkigu horretarako", aitortu dute lizeokoek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak