Kontua da, gainera, ez bakarrik Fagor marka, Edesa marka erabili ahal izaterik ere ez lukeela, gaur gaurkoz, balizko proiektu berri batek, CNAk Hong Kongeko filial bati saldu baitzion hartzekodunen konkurtsoan sartu aurretxoan. Langileentzat ez da zilegi marka berreskuratu nahi izateagatik CNAk Fagorri egoztea jardun industrialarekin jarraitu ezina, eta berak Edesa marka saldu izana. Dena dela, gaia epaitegira eraman eta marka berreskuratuko dutelakoan da enpresa batzordea, legez hala dagokiolako, diotenez.
Marka edukitzea litzateke, beraz, proiektu berri batek aurrera egiteko baldintzetako bat. Eusko Jaurlaritzak proiektu hori laguntzeko, baina, beste zenbait ere bete beharko lirateke, "bideragarria izan daitekeen" proiektu bat izatea, eta egungo konkurtso egoera eta "arazoak" gaindituta egotea: "Europa oso zorrotza da zentzu horretan".
Baina, langileek, aurretik ere, bestelako laguntza eskatzen diote Jaurlaritzari, "begira egoteko, merkatuan zer dagoen ikusteko", eta inbertitzaileekin dituzten kontaktuak baliatzeko, enpresa batzordeko presidente Ricardo Perezen arabera.
Dena den, eta beste proiektu batek aurrera egingo balu ere, Tapiak behin baino gehiagotan azpimarratu zuen ez litzatekeela egungo langile guztientzako izango. Perezek, hau onartuta ere, aukera ikusten du, "plan on batekin eta hazkundea egonez gero", lanpostu kopuruan gora egin ahal izatea.
Egubakoitzean 11:00etan Arrasateko Kulturaten batzarra eta 12:30ean Seber Altuben elkarretaratzea egingo dituzte Edesa Industrialeko eta Geyser-eko langileek.