Beste proiektu baten alde borrokatuko direla iragarri dute langileek

Julen Iriondo 2018ko urt. 9a, 15:04

Edesa Industrial, lehengo Fagor etxetresnetako, eta Geyser Gastech-eko langileek asanblada eta bilkura egin dituzte goizean Garagartzako lantegian, Cata enpresa kataluniarrak jakinarazitako erabakia dela-eta. Edesako eta Geyserreko enpresa batzordeek atzo adierazi zuten Catak jakinarazi diela plantilla osoarentzat –160 langile– kontratuen amaiera espediente bat aurkeztuko duela eta Geyser Gastech sozietatearen likidazioa gauzatuko duela era berean.

"Epaileak onartzen duenean espediente hau, hasiko da hilabeteko negoziazio mahaia. Hortik aurrera, hilabete edo hilabete eta erdiko epean, suposatzen dugu, beste erremediorik ez badago, kaleratuak izango garela", adierazi du Enpresa Batzordeko presidente Ricardo Perezek.

Dena dela, laster etorkizunerako beste proposamen bat izango dela ere adierazi die Catak enpresa batzordearen arabera, baina lanposturik gabekoa eta produktuen merkaturatzean bakarrik oinarrituta. Langileek ez dute lanposturik gabeko proposamenik nahi, eta salatzen dute langileak kalean uzteko eta enpresa eta jarduera industriala desegiteko helburua duela Catak.

Cata albo batera geratuta eta enplegu plan bideragarri batekin, egungo langileentzat eta aurrez kaleratutakoentzat etorkizuna egon daitekeela uste du enpresa batzordeak, eta horren alde borrokatuko du. Jaurlaritzaren eta gainerako erakundeen laguntza eskatu dute horretarako, eta baita Fagor S.Coop-ena ere; Fagorri eskatzen diote balizko proiektu berri bat hasteko marka uztea. Hain justu ere, hori da langileek Catari egiten dioten salaketako beste puntu bat. Adostutako baldintzak ez betetzeagatik Fagorrek Catari bere marka erabiltzea eragotzi nahi diola-eta, epaileak gaia oraindik ebatzi ez duenean Catak jarduera industrialari uko egitea.

Arrasateko Udaleko EAJko, EH Bilduko, Baleikeko eta Irabaziko ordezkari politikoak izan dira gaurko bilkuran, eta EH Bilduren legebiltzarkide bat eta Gipuzkoako batzarkide bat ere bai.

Enpresa Batzordeak beste elkarretaratze bat deitu du eguen honetarako, 17:30ean Arrasateko plazan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak