Javier Mendez eskoriatzarrak gidatzen zuen autobusak eta motor batek talka eginda gertatu zen istripua, eta bi gidariak hil ziren. Pesa konpainiako enpresa batzordean ELA, LAB eta UGT daude ordezkatuta, eta horiez gain beste sindikatu batzuetako delegatuek ere hartu dute parte bilkuran, langileekin batera. Arrasateko udalbatzako EH Bilduko eta Baleikeko ordezkariak ere izan dira eta Irabaziko Debagoieneko ordezkariak.
Ana Sebal Agirregabiriak, eskualdeko zerbitzuetako arduradunak, LAB sindikatuaren izenean hitz egin du amaieran. Doluminak ematearekin batera, aldarrikapenok egin ditu: "Garraiolariek errepideetan ematen dute euren lanaldia, baina istripuok ez dira lan istriputzat hartzen, datu ofizialetarako zirkulazio istripu moduan hartzen dira, eta hor ikusten dugu arazoa sektore honetan, ze horregatik ez dira hartzen benetako neurriak egoera hauei aurre egiteko".
Neurri prebentiboak eskatzen ditu LABek: "Neurri prebentiboak diogunean da ikerketa sakonak egitea jakiteko zergatik eta nola gertatzen diren istripuok. Balorazio horretatik irteten diren arazoak ikusita, neurri prebentiboak zehaztuko lirateke; berez, Osalani dagokio neurri prebentiboak hartzea, baina errepideko istripuak gertatzen direnean Ertzaintzaren esku geratzen da ikerketa –eta lan istripuetan Osalanen esku–. Arazoa hor dago, Ertzaintzak modu batera egiten du ikerketa, baina egokiagoa litzateke Osalanek egitea, neurri prebentibo horiek hartu ahal izateko".
LABek gogora ekarri du 2017an 54 lagun hil zirela Euskal Herrian lan istripuz.