Aretxabaletan gertatutako istripuak samin handia eragin du

Goiena 2018ko urt. 5a, 14:18

Autobusak lazo beltzarekin eta aurpegi ilunak gaur, Debagoienean. Atzo gauean Aretxabaletako saihesbidean izandako zirkulazio istripuak eragindako bi lagunen heriotzak samina eragin du, eta herritar askoren ahotan izan da. Foru Aldundiko Mugikortasuneko diputatu Marisol Garmendiak ere doluminak eta elkartasuna adierazi gura izan dizkie bi biktimen familiei eta gertukoei.

Motor batek eta autobus batek aurrez aurre talka egin zuten Aretxabaletako saihesbidean atzo gaueko bederatziak eta hogeian, eta bertan hil ziren motorraren gidaria, 36 urteko gizonezko arrasatearra, eta autobusarena, Bergaran jaio eta Eskoriatzan bizi zen 44 urteko gizonezkoa.

Ikerketa zabalik dauka Ertzaintzak istripuaren nondik norakoak argitzeko eta lekuko bila dabiltza orain (943 53 91 25). Eskuartean duten hipotesiaren arabera motor gidariak kontrola galdu zuen, lurrera erori zen eta autobus azpira sartu. Motorrak, ostera, aurrez aurre jo zuen autobusaren kabinaren aurka gidaria bete-betean harrapatuz.

Bi gidariak unean bertan hil ziren istripuaren ondorioz. Larrialdi zerbitzuak bertaratu ziren, tartean suhiltzaileen dotazio bat, baina osasun-langileek bi biktimen heriotza egiaztatu besterik ez zuten egin ahal izan. Bi gorpuak Donostiako Patologia Forentseko zerbitzura eraman zituzten atzo, epailearen aginduz.

Istripu larriaren ondorioz zirkulazioa itxita egon zen bi noranzkoetan eta auto ilara luzeak sortu ziren. Errepidea garbitzeko hainbat ordu behar izan zituzten eta Segurtasun Sailetik adierazi dutenez gaur goizaldeko bostetan geratu da errepidea guztiz zabalik. Orain, normaltasuna da nagusi.

Autobusak lazo beltzarekin

Lankideen artean bat eginda egoteko eta zendutako gidariaren familiari babesa eskaintzeko uneak direla azaldu dute Lurraldebuseko lankideek. Aurpegi tristeak nagusi izan dira goizetik, eta langileek ezin izan dute kameraren aurrean berbarik egin, atsekabetatuta zeuden eta. "Istripua zorigaitza" izan dela, nabarmendu du lankide batek, eta "lankideak oso minduta" daudela.

Horrela, atzo hildako gidariaren omenez, gaur lazo beltza eraman dute autobus aurrealdeetan, bailarako Lurraldebuseko autobus gidariek, baita Arrasateko herri autobusekoek ere. Lankideek azaldu dutenez, omenaldi txiki bat egiteko keinu bat besterik ez da. Astelehenean, urtarrilaren 8an, ostera, elkarretaratzea egingo dute heriotza salatzeko Arrasateko Garibai autobus geltokian (13:00).

Ez da puntu beltza

Ezbeharrak ezbehar, Unai Elkoro alkatearen esanetan, Aretxabaletako saihesbideko puntu hori ez dago lurraldeko puntu beltzen artean. Atzoko istripuari dagokionez, Eskoriatzatik zetorren autobusa, ez zen ari Aretxabaleta herri barrutik errepide nagusira sartzen. Eta kasu horretan, galdetutako herritarrek ez dute uste gertaeraren jatorrian errepidea bera egon daitekeenik. Ez dute toki bereziki arriskutsu moduan ikusten, ezta ikuspen gutxiko leku moduan ere.

Herri barrutik errepide nagusira sartzerakoan, kasu horretan ikusten dute arrisku gehiago, eta birplanteamendu baten beharra ere aipatzen dute, noranzko bietarako. Ildo horretatik mintzatu da Ion Albizu, Aretxabaletako EH Bilduko zinegotzia Twitterren, saihesbidearen segurtasuna bermatzeko ekintza plana egiteko momentua dela esanez.

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak