Antzuola
Antzuolako ekintzak 18:30etako Chavela Bragas antzerkiarekin hasi ziren. Hau amaitzean elkarretaratzea egin zuten Plazan, 19:30ean, eta jarraian poteo musikatuari ekin zioten afal ordura arte. Indarrak hartzeko luntxa prestatu zuten Gaztetxean eta eguna amaitzeko kontzertuak izan ziren.
Aretxabaleta
Aretxabaletan goiz eta arratsaldez autodefentsa feminista tailerrak egin dituzte. Ondoren, 19:30ean elkarretaratzea egon dute Herriko Plazan, eta eguna amaitzeko antzerkia eta mokadutxoa ere izan dituzte.
Eskoriatza
Eskoritzarrek elkarretaratzea egin dute Herriko Plazan, eta ostean bi saio antolatu dituzte:
- Adingabeek jasaten dituzten sexu abusuei buruzko Duma izeneko dokumentala.
- Clara Campoamor elkarteko abokatua den Maite de Iturraterekin tertulia.
Oñati
Zeuen ausentzia gure borrokarekin beteko dugu lelopean ekintza omenaldia antolatu du Sare Feministak Oñatin, eta Udalak ere bat egin du ekimenarekin.
13:00ak aldera batu dira Plazan, elkarretaratzea egiteko, eta segituan ekin diote omenaldia egiteari. Izara zuri bat lurrean jarri, eta herriko gizon eta emakumeek eskuak pinturaz bete eta euren marka utzi dute, indarkeria matxistaren aurka daudela adierazteko.
Ondoren, Udaletxeko balkoitik zintzilikatu dute herritarren esku markekin osatutako izara. Eguna amaitzeko, Erradikalak gara ikuskizuna izango da Santa Ana antzokian, 19:30ean.
Elgeta
Lore moreak deituriko tailerra egin dute Plazan, eta bertatik mugitu gabe, 13:00etan, elkarretaratzea egin dute Udaletxe azpian.
Bergara
Udalak antolatuta elkarretaratzea egin dute Herriko Plazan 12:00etan.
Arratsaldean, aldiz, 20:00etan, Akelarre feminista Martxanterek deituta, emakumeen aldarrikapenak kalera ateratzeko ekitaldia egin dute.
Aramaio
Herriko Plazan elkarretaratzea egin dute 13:00etan Indarkeria matxistarik ez: inon, inoiz, inori lelopean. 50 lagun inguru batu dira, eta elkarretaratzea amaitu ostean, Sastiñara joan dira aramaioar neska gazte batzuek prestatutako ikus-entzunezkoa ikusteko.
Idoia Azurmendik, Amaia Arregik Irati Lasagak eta Ainhoa Oyangurenek Hitzetan deituriko abestia konposatu dute, eta ondoren irudiz estali dute. "Oso amaiera polita izan da gaurko elkarretaratzerako" adierazi du Cristina Etxenausia zinegotziak. bideo ikustek egin klik hemen.
Arrasate
Mural Parte hartzailea egiteko asmoa zegoen arren, eguraldi txarraren eraginez bertan behera geratu da horma-irudia. "Pareta bustita zegoen, gau osoan euria egin baitu. Beraz, beste egun baten egingo dugu. Noiz egingo dugun ez dakigu, baina martxoaren 8a egun aproposa izan daiteke" adierazi dute Emakumeen Mundu Martxa Plataformatik.
Herriko alderdi politikoek, bestalde, testu bateratua adostu dute. Testua ikusteko egin klik hemen.