'Begirada berria emakumeen aurkako indarkeriari' izeneko testua adostu dute Udalabatzako alderdi guztiek

Xabi Gorostidi 2017ko aza. 25a, 14:46

Bederatzi puntuko konpromiso zerrenda adosteaz gain, indarkeria mota honen izaera "estrukturala" dela aipatu dute. Hala, gaitz hori gabeko gizarte bat lortzeko lan egingo dutela adierazi dute. "Gure konpromisoa agertzen dugu emakumeen aurkako indarkeriatik libre egongo den gizarte baten alde".

Hona hemen adierazpena, bere osotasunean:

"Azaroaren 25a dela eta, emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Eguna, berriz azpimarratzen dugu indarkeria mota honen izaera estrukturala eta gure konpromisoa agertzen dugu emakumeen aurkako indarkeriatik libre egongo den gizarte baten alde. Era berean, nazioarteko zuzenbide-esparruarekin bat, berresten dugu badagoela loturarik genero-arrazoiek eragindako bazterkeriaren eta emakumeen aurkako indarkeriaren artean. Emakumeen aurkako indarkeriak eragindako biktimei eta  hartatik bizirik irtendakoei laguntza-zerbitzua bermatzea ez ezik, beharrezkoa ere bada esku-hartzearen plano guztietan jarduketak planteatzea: Prebentzioa, Detekzioa, Arreta, Babesa, Koordinazioa, Justizia, eta Erreparazioa ere bai. Emakumeen aurkako indarkeriatik libre egongo den berdintasunezko gizarte bat
eraikitzeko dugun konpromisoa oinarritzat hartuz, dagokigun erronka da erreparazio-eskubidea emakumeen aurkako indarkeriari emandako erantzunean sartzeko.

Horretarako, eskura izan behar ditugu indarkeriaren eta berorren adierazpide guztien inpaktuak ikusarazten lagunduko duten baliabideak, deslegitimazio soziala xede harturik. Beharrezkoa da ahotsa eta protagonismoa ematea, bai indarkeria matxistaren biktimei bai berorien elkargune diren elkarteei,  erreparazio-bideak proposatzeko duten zilegitasuna aitortze aldera. Bortxaketaren kultura salatzen dugu.
Erasoen erantzukizuna beti da erasotzaileena, eta inolaz ere erasoa jasaten duenarena. Pertsonak aske dira nahi duten bezala jantzi, bizi edota errespetuzko harremanak aukeratzeko. Eraso matxistak ezin dira inoiz ere epaitu biktimaren bizimoduaren eta erreakzioaren arabera. Onartezina delarik gizarteak eta komunikabideek erasotuari leporatzea eraso matxista baten erantzukizuna. Erreparazio honen helburua indarkeriaren biktimak eta hartatik bizirik irtendakoak guztiz osatzea izan behar da. Hortaz, barne hartu behar du inplikaturiko zerbitzu eta sistema guztiak hobetzea, nola-eta horiek guztiak sistematikoki  aztertuz.

Beraz, emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egun honetan, honakoa agertzen dugu:

  • Arrasateko udalaren konpromisoa agenda politikoan indarkeriak eragindako emakume biktimekiko erreparazio-eskubidearen aitortza eta horri buruzko hausnarketa sartzeko, guztiz osatu daitezen eta indarkeriarik gabeko bizitza-eskubidea gauzatu ahal dezaten.
  • Arrasateko udalaren konpromisoa egiten dagoen indarkeria matxistaren aurkako 2. Plana bere osotasunean betetzeko, emakumeen kolektiboekin eta kolektibo feministekin batera, bai halaber gizarte zibilarekin eta herritarrekin oro har.
  • Arrasateko udalaren konpromisoa gizartean aldaketa estrukturala bultzatzeko, hartara herri-erakundeak, komunikabideak, lan-, kultura-, gizarte- eta ekonomia-esparruko eragileak zein gizarte osoarenak inplikatu daitezen.
  • Arrasateko udalbatzako alderdi guztien ardura, adostasunaren bitartez, beharrezkoak diren baliabideak eskura izan daitezen, xedea izanik emakumeen aurkako indarkeria gure gizartetik desagerrarazten aurrera egitea. Konpromisoa baita biolentzia matxistara bideratzen diren errekurtsoen azterketa egiteko.
  • Arrasateko udalaren konpromisoa sexu esplotazioa desagertu dadin politikak egiteko, genero indarkeriaren muturra ere baita. Politika aktiboak exekutatzea, errotik kentzeko sexu esplotazioarekin lotutako era guztiak; arreta berezia jarrita publizitate ordenantzetan eta zuzenean edo zeharka onartu edo errazten duten jardueretan, esplotazio hori helburu dutenak.
  • Arrasateko udalak gaitzesten ditu 2017 urtean zehar gertatutako biolentzia matxista kasu guztiak. Era berean, Arrasateko Udalak herritar guztiei eskatu nahi die salatu ditzatela emakumeen kontrako eraso guztiak.
  • Arrasateko udalak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio indarkeria matxistaren aurkako behatoki bat jartzeko martxan, erasoak identifikatu eta salatzeko, indarkeria hori ezabatzeko eta gertatu baino lehen prebenitzeko, emakumeen taldeekin eta kolektibo feministekin batera.
  • Arrasateko udalaren konpromisoa adierazpen instituzionalaren betetze mailaren azterketa egiteko urtero.
  • Bukatzeko Arrasateko Udalak bat egiten du azaroaren 25erako, Emakumeen Mundu Martxak deitu dituen mobilizazioekin eta jendarte osoari deia luzatzen dio parte har dezan".
Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak