Gure Esku Dagoko kide Lierni Olmedo oñatiarrak deialdiaren zergatiak azaldu ditu: "Batetik, Kataluniar herriarekiko Euskal Herritik elkartasuna adieraztea; beste alde batetik, bertako eragileei eta erreferenduma antolatu dutenei gure babesa adieraztea. Eta, beste alde batetik, aldarrikapen egun bat ere izango da, Euskal Herriarendako ere erabakitzeko eskubide hori eskatzen dugulako".
Bozka "demokraziaren adierazle bat" dela dio Olmedok. Hala, Kataluniako erreferendumari "jakin minez eta ilusioz" begiratzen diote Gure Esku Dagotik egunotan. "Eurek egin duten ibilbide horrek balio digu. Herrialde desberdinak gara, bi prozesu desberdin dira, baina argi utzi digutena da, eta horretaz balorazio oso positiboa egiten dugu, nola herri erakundeak batu diren herri mugimenduekin helburu bat aurrera eramateko. Azken finean, herri mugimendu batek bultzatu ditu eragileak eta herri ordezkariak galdeketa bat egitera".
Herri ituna helburu
Era berean, Gure Esku Dago dinamikak hurrengo helburutzat herri itun bat osatzea duela azaldu du Olmedok. "Herritarrek erabakitzeko eskubidea nola ikusten duten, zertarako den, nola gauzatu daitekeen eta abar jaso, eta ondoren hori herri eragileekin landu eta erakundeetara eramatea", omen da herri itun horren xedea.