Lehenengoz gainditu da gaikako bilketaren %80ko ratioa Debagoienean

Poza adierazi dute Debagoieneko Mankomunitateko ordezkariek bailaran hiri hondakinen bilketa %80,19koa izan zelako 2016an. Are gehiago, nabarmendu dute 2015ean lortutako %77,8ko datua "bikaina" izanda ere, gaikako bilketa 2,4 puntutan handitu dela urtebete geroago.

Debagioenean hiri hondakinen gaikako bilketa %80,19koa izan zen 2016an, horixe jakinarazi dute eguerdian Mankomunitatearen egoitzan egindako prentsaurrekoan. Bertan, Mankomunitateko ordezkariek azpimarratu dute eskualdea osatzen duten herri guztietan errepikatu direla antzeko bataz bestekoak, nahiz eta, ezaugarri aldetik herri desberdinak izan eta bilketa aldetik ere, sistema desberdinak erabili.

Herritarren inplikazioa oinarri

Komunean duten ezaugarri bakarra, herritarren kontzientziazio altua eta haien inplikazioa dela esan dute. Mankomunitateko Hondakinen Kudeaketa Batzordeko Lehendakari Lander Arregik azaldu du gainera, lortutako emaitzak onak direla teknikoki eta baita eraginkortasun ekonomikotik ere: "Emaitza hauekin lortzen dugu alde batetik gutxi ordaintzea ordaindu behar diren frakzioak, organikoa eta errefusa bereziki; eta gero beste frakzio batzuei etekina ateratzen diegu, bereziki gure kasuan, plastikoari".

Edozelan ere, argi dute hobetzen jarraitu beharra dagoela; hori dela erronka adierazi dute, eta zeregin horretan herritarrek inplikatuta segitzea ezinbesteko ikusten dute.

Bestalde, Debagoieneko datu ikusgarri hauek Gipuzkoakoekin alderatu dituzte, izan ere, Debagoienekoak nabarmen hobeak dira orokorrean lurraldeko datuekin konparatuta, bereziki errefusaren kasuan; Gipuzkoan %49a jasotzen da eta Debagoienean %19a bakarrik.

Datuak eman ondoren, alkate bakoitzak nork bere herriari dagokion balorazioa egin du. Antzuolak lortu du, esaterako, emaitza onena %84ko gaikako bilketarekin. Eta beste datu bat sakondu nahi izan du bertako alkate Beñardo Kortabarriak: "Antzuolan bataz beste 50 kilo errefus sortzen ditugu pertsonako eta urteko, eta Debagoienean, berriz, bataz bestekoa 75ekoa da, eta hor nik uste dut alde esanguratsu bat badagoela eta denok daukagula hobetzeko tartea".

Antzuolako alkateak atez ateko sistemaren erabilerari egozten dio bailarako datu onenak izatea. Bestetik, baina, bailarako herri handienak, Arrasatek, dituen berezitasunak kontuan hartuta, Maria Ubarretxena alkateak defendatu du Arrasaten ezarritako sistema, herriak dituen ezaugarrietara egokitzen dela, eta oso pozik agertu da jasotako datuekin: "Ikusten duguna da gure herrian jendea kontzientziatuta badagoela, izan ere, 2015etik 2016ra ere igo egin da gaika biltzen den portzentajea. Gainera, maila batetik aurrera gora egitea oso zaila da, eta horrelako herri batean agian zailagoa", adierazi du. Helburua, baina, tasa horiek hobetzen jarraitzea izango da eskualdeko herri guztietan.

Erraustegia ere hizpide

Elgetako alkateak bestetik, erraustegiaren gaia ere atera du prentsaurrekoan eta salatu du diseinatuta dagoen erraustegia Gipuzkoan sortu beharko litzatekeen errefus kopuruaren hirukoitza erretzeko dagoela diseinatuta: "Debagoienean 4.600.000 kilo errefus sortu ditugu, kopuru nahiko handia da, nahiz eta Gipuzkoarekin alderatuta oso kopuru ona izan. Proportzioak mantenduz Gipuzkoan 51 milioi kilo sortu beharko lirateke eta eraiki nahi duten erraustegia horren hirukoitza erretzeko dago diseinatuta. Orduan uste duguna da bidea dela errefus kopurua murriztu, diru mordoxka bat aurreztuko genukeelako bai tasetan eta baita makro-proiektuetan ere".