2016ko Behobia Donostiak 30.000 korrikalaritik gora erakarri ditu Donostiara, eta aurtengo eguraldi atsegina baliatuta markak hobetzeko aukera izan dute parte hartu duten korrikalariek. Sailkapen orokorrean Carles Castillejo kataluniarra (1.00.19) eta Aroa Merino kanariarra (1.10.55) izan dira garaileak. Castillejok iazko garaipena berretsi du hasieratik nagusitasuna erakutsiz, eta Merinok ezustekoa eman du faborito zen Raquel Gomez mendean hartuta.
Debagoiendar azkarrenak
Debagoieneko partaideen artean Endika Donnay izan da gizonezkorik azkarrena (1:07:58). Bigarrena Ritxar Fernandez oñatirra izan da (1.08.35) eta hirugarren Yerai Varela (1.09.42). Emakumezkoetan, iaz bezala Saio Arkonada oñatiarra izan de denborarik onena egin duena (1.24.05), iazko marka hiru minutu baino gehiago hobetuz. Bigarren Marixol Iparragirre eskoriatzarra izan da (1.25.17) eta hirugarrena Maider Uribe bergararra (1.25.26).
449 Debagoiendar helmugan
Antolakuntzak emandako datuen arabera, 31.200 korrikalaritik gora eman dute izena, baina horietako 24.141ek lortu dute lasterketa amaitzea. Horietatik 449 debagoiendarrak izan dira.
Patinatzaileak
Aurten ere Hanka Labanka taldekoek ez dute kale egin eta hainbat kidek hartu dute parte aurtengo Behobia-Donostia lasterketan. Debagoiendar azkarrenak hauek izan dira; Joxu Arana gizonezkotan (00.45.29) eta Oihana Unamuno emakumezkotan (1.04.44).
Harmailatik saio berezia
Harmailatik saioan, Xabi Urzelai kazetariak luze eta zabal landuko du Behobia-Donostia lasterketak eman duena. Debagoieneko parte hartzaileen hitzak jasoko ditu, besteak beste. Saio guztia Behobia-Donostiari eskainitakoa izango da. Bihar, astelehena, 22:00etan, Goiena Telebistan.