Udako oporretako oroitzapena dira argazkiak. Koloretan, zuri/beltzean… Ia denek ateratzen ditugu eta asko oso bereziak dira. Goienak, aurten ere, Udako Argazkien Lehiaketa antolatu du eta irudi ikusgarriak iristen ari dira.
Irailaren 18ra arte dago zabalik argazkiak jasotzeko epea. 16 urtetik gorakoendako lehiaketa da eta bakoitzak gehienez bost argazki aurkez ditzake paperean edo digitalizatuta. Goienaren Arrasateko egoitzara ekarri behar dira argazkiak edo argazkiak@goiena.eus helbidera bidali behar dira.
Goienak urriaren 14an emango du Udako Argazki Lehiaketako irabazleen berri, egubakoitzeko Goiena paperean. Epaimahaia Goiena Komunikazio Taldeko kideek osatuko dute, eta argazkiaren kalitatea, originaltasuna eta balio historikoa hartuko dituzte kontuan.
Sariak dira Leintz Gatzagako Gure Ametsa jatetxean bi pertsonarendako afaria edo bazkaria, Arrasate Bidaiak-en eskutik Orioko Aisia hotelean zirkuitu termala eta bazkaria edo afaria eta Arrasateko Eroski Hipermerkatuaren eskutik Kindle liburu irakurgailu bat. Herritarren saria eskuratzen duenak Arrasateko Karibu kafe dendak emaniko kafe ezberdinez osaturiko otarre bat jasoko du.
Lehiaketaren gaineko informazio guztia blogean duzue ikusgai. Goienak bertan ipiniko ditu ikusgai lehiaketara aurkeztutako argazki guztiak.