Whatsappek erabiltzaileen datuak Facebookekin partekatuko ditu

Duela bi urte erosi zuen Facebookek mezularitza enpresa, eta jada euren pribatutasun politika aldatzen hasi dira. Orain, sare sozialak eskuratu ahal dituen datuen artean, telefono zenbakiak daude.

Gainera, Whatsappeko erabiltzaileak noiz konektatzen diren maiztasunaren eta azken konexioaren datuak ere jasoko ditu Facebookek.

Sare sozialeko arduradunek azaldu dutenez "elkarlana errazteko" helburuarekin egingo dute datu trukea. Facebookek aipatzen dituen helburuen artean daude erabiltzaile bakarrak zehaztasun gehiagorekin zenbatzea, spam eta gehiegikerien aurka hobeto jardutea edota sare sozialeko erabiltzaileek lagun gomendio hobeak eta iragarki hobek izatea. Beraz, informazio hori, Facebookek ez ezik, enpresaren jabetza diren beste konpainia batzuek, Instagramek esaterako, ere erabili ahal izango dute.

Dena dela, erabiltzaileek, nahiz eta pribatutasun politika berria onartu, 30 egun izango dituzte euren datuak Facebookekin ez partekatzeko. Horretarako, Ezarpenetara joan, Kontuan sartu, eta bertan, Zure kontuaren informazioa partekatu atalean sartu.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.