goiena.eus

AHTren Bergarako lotuneko kontratuak bertan behera utzi ditu Adif erakundeak

 Debagoiena ALBISTEAK

Espainiako Sustapen Ministerioak Euskal Y-aren Bergarako lotuneko bost zatiren kontratuak baliogabetu egin ditu. Honako hauek dira zati horiek: Angiozar, Kobate, Elorrio-Bergara, Zumelegi eta Elorrio-Elorrio.

Lanak egiteko agindua jaso zuten enpresak eta gobernua ez dira ados jarri kontratuaren baldintzetan, eta administrazioak erabaki du hitzarmena bertan behera uztea eta prozesua hasierara itzultzea.

Adif Espainiako trenbide azpiegituretako enpresa kudeatzaileak utzi ditu bertan behera kontratuak. 2014an eta 2015ean adjudikatu ziren. 558 milioi euroko aurrekontua zuen Adifek Bergarako lotuneko zati guztiak egiteko, baina 296 milioian adjudikatu zituen. %47,63ko deskontua onartu zuen. Kontuak kontu, lanak hasi barik daude eta kontratuak bertan behera geratu dira. Zergatik gertatu den hori? Bi arrazoi egon litezke: Adifen aurrekontuak okerrak zirela, ala enpresek ausarkeriaz jokatu zutela prezioak gehiegi murriztuta, kontratu publikoak lotzeko.

Zulatzailearekin ala barik?

Espainiako Sustapen Ministerioak atzo adierazi zuenez, enpresek eskatzen zituzten kontratuetan aldaketak egitea eta hori onartezina zen Adifentzako. Enpresek eskatzen zituzten zulatzaileak tunelak egiteko eta horrek kostuak handitzen zituen, eta kontratuan jarrita zegoena zen tunelak ohiko moduan zulatzea.

Atzo, Euskal Y-aren Jarraipeneko Batzordean (Espainiako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza) erabaki zuten proiektuak berriro erredaktatzea eta lizitatzea. Ondorioz, lanak, ondo bidean, 2017ra arte ez dituzte hasiko. Halere, Sustapen Ministeriotik diote, oraingoan, proiektuan, lanak zulatzaileekin egitea jasoko dutela eta horrek epeak laburtzea ekarriko duela.

Tunelik luzeena

Bergarako lotunean, besteak beste, Udalatxeko tunela aurreikusten da, 6,9 kilometrokoa eta Euskal Y-ko luzeena.

Honako hauek dira adjudikatu ziren zatiak eta orain bertan behera geratu zirenak:

  • Kobate zatiak (Arrasate eta Bergara artean), 133,3 milioi euroko aurrekontua zuen, eta 68,1 milioian eman zioten Comsa eta Cycasak osatutako ABEE Aldi Baterako Enpresa Elkarteari.
  • Zumalegi zatiak (Arrasate-Bergara) 114,3 milioiko aurrekontua zuen, eta 56 milioian eman zioten Accionari.
  • Angiozar zatiak (Arrasate-Bergara) 158,5 milioiko aurrekontua zuen, eta 78,7 milioian eman zioten Corsan-Corviam enpresa elkarteari.
  • Elorrio-Bergara zatiak 83,7 milioiko aurrekontua zuen, eta 44,2 milioian eman zioten Corsan-Corviami.
  • Elorrio-Elorrio zatiak 68 milioiko aurrekontua zuen, eta 41,1 milioian eman zioten Sando-Rover Alcisa enpresa elkarteari.

Ikusteko dago Bergarako lotunerako bost kontratu lizitatuko dituzten ala bakarrean adjudikatuko dituzten lanak.

Agintariek 2015eko urtarrilean egin zituzten azkenekoz Bergarako AHTren lanetara bisita. Ana Pastor Espainiako Sustapen ministroa eta Ana Oregi Garraio sailburua izan ziren bertan; baita Jaione Isazelaia Bergarako alkatea ere. Azken honek eskatu zion Pastorri AHTren obren ondorioz sortutako kalteak konpontzeko konpromisoa hartzeko.

Erantzunak

Erantzuna | #1

Enpresa sarraskijaleak mendiak zulatzera jolasten denon diruarekin. Zentzu gabeko obra faraonikoa inolako zentzu barik, garai batean piramideak egin ziren bezala. Astakeria galanta da gertatzen ari dena.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa