Espainiako Gorteetarako Hauteskundeak 2016

Hasi da hauteskunde kanpaina

Ubane Madera 2016ko eka. 9a, 16:53

Gauerdian hasi da Espainiako Gorteetarako hauteskunde kanpaina, ekainaren 24ko gauerdira arte luzatuko dena. Bitarte horretan alderdi politikoek herritarrei aurkeztuko dizkiete Espainiako Kongresurako eta Senaturako hautagaitzak eta programak.

Gipuzkoan 11 aukeren artean bozkatu ahalko dugu. Araban, aramaioarrak aintzat hartuta, berriz, haiek 12 aukera izango dituzte hautagaitzen artean.

Bufandak beharrean, manga motzekin eta soinekoekin jardun arren, datozen hamabost egunotan mobiolari eragin izanaren sentsazioa izango dugu; oraindik ere abenduaren 20ko hauteskunde kanpainako kartelak kendu barik daudenean, ekainaren 26ra begira berriak, edo berberak, kasu batzuetan, jartzen hasiko direlako alderdi politikoak, herritarren botoak erakarri guran.

Izan ere, aldaketa gutxi sumatuko ditugu orain dela sei hilabeteko kanpainarekiko, batetik, alderdi politikoen hautagai gehienak berberak direlako, eta bestetik, euren mezuetan eta programetan ere aldaketa gutxi espero direlako.

Irabazi eta Ahal Dugu elkarrekin

Aldaketa bat aipatzekotan, nabarmenena delako, Irabazik eta Ahal Duguk, Espainiako IU-k eta Podemosek batera joateko sortutako koalizioa da, gurean Elkarrekin-Ahal Dugu izena hartu duen koalizioa, alegia. Ikuskizun dago indar metatze horri aurre egiteko ahaleginik egingo duten gainontzeko alderdiek zela edo hala, edo horretarako beharrik ez duten ikusten eta bakoitzak tinko eutsiko dion orain artekoari.

Ostera, orokorrean, Gipuzkoatik 11 hautagaitza aurkeztu dira Diputatuen Kongresurako; EAJ, EH Bildu, eta PSOE moduko ohiko alderdiez gain, eta Elkarrekin-Ahal Dugu-Equo koalizio berriaz batera, hautagaitza aurkeztu dute ere horren ezagunak ez diren bestelako alderdi batzuk: Partido Libertario, esaterako edo gaur egungo testuinguruaren bueltan eratutako Recortes Cero-Grupo Verde, halako pare bat aipatzearren.

Aramaioarrek, berriz, kopuruz Gipuzkoan baino hautagaitza bat gehiago izango dute aukeran: 12 alderdi politiko; eta hautagaitzak eurak ere desberdinak izango dira. Ohiko alderdiak Araban ere izango diren arren, haiekin batera hautagaitza aurkeztu du, esaterako, PPko zatiketatik sortutako VOX alderdiak edo Libertate Nafarra izenekoak.

Eskualdera etorrita, Debagoienean EH Bilduk, EAJk eta Elkarrekin-Ahal Duguk jasoko dituzte boto gehien. Oraingo honetan, edozein modutan, abenduaren 20an Podemosekin izan zen ezustekoa gaindituta izango dute bai herritarrek eta baita alderdiek ere. Ikuskizun dago emaitza ikusgarri eta espero bako haiek erdietsiko dituen orain koalizioa den Elkarrekin-Ahal Duguk.

Hautagai debagoiendarrak

Azpimarratzekoa da, baita ere, Debagoienak baduela ordezkaritza kuotatxoa hautagaitzen zerrendetan: EAJkoan errepikatu egingo dute Rafael Uribarren arrasatearrak Kongresurako eta Victoriano Gallastegi bergararrak Senaturako. Azken horrek, gainera, egin du senatari ibilbidea joan den abenduaren 20ko emaitzei esker, ibilbide motza izan arren.

Alderdi sozialistak ere errepikatu egingo ditu pare bat izen, arrasatearrak biak ere: Rafaela Romero bigarren doa Kongresurako zerrendan eta Senaturako hautagaien artean, berriz, Oscar Garcia ordezko moduan doa.

Eta Gipuzkoako ordezkaritza borobiltzeko, Elkarrekin-Ahal Dugu koalizioaren zerrendan Isabel Salud bergararra bigarren doa Kongresurako hautagaien artean.

Beste debagoiendar baten izena ere bada, kasu honetan, Arabako zerrendatan: Itziar Lamarain arrasatearrarena, alderdi popularrak ordezkoen artean aurkeztu duelako.

Bergaran, EH Bildu; sozialistak Arrasaten

Hautagaitzak aurkeztuta, esandako moduan, kanpainari ekingo diote politikariek. Debagoienean EH Bildu izango da estreinekoa, gaur bertan hitzordua egin du-eta Bergaran, ekitaldi xumea egingo du lehenengo eta 22:00etan egingo dute kartel pegada tradizionala.

Bihar, berriz, sozialisten bisita izango da, Arrasaten, kasu honetan, goiz partean izaten den azoka txikira gerturatuko da Odon Elortza zerrendaburua, arrosak eta euren programa banatzera.

EAJk, berriz, ekainaren 16rako du aurreikusita mitin nagusia Bergaran, eta lehenago bisitak Debagoieneko udalerrietan.

Ekainaren 18rako etorriko da EH Bilduren zerrendaburua, hura ere Bergarara.

Eta Elkarrekin-Ahal Dugu koalizioak kanpainaren bigarren asterako du aurreikusita ekitaldia Debagoienean.

Horrek ez du esan gura, ekitaldirik egiten ez duten bitarte horretan, politikariak ez direla buru-belarri ibiliko esku-orriak, informazioa eta beste debagoiendarrekin partekatzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak