"Debagoiena zaborrik ez sortzeko prozesuan ezin hobeto ikasten ari den eskualdea da, eredua da eta erreferente bihurtu daiteke munduko edozein txokotarako", adierazi dute.
Txalapartariek eman diote hasiera ekitaldiari eta gero, Arrasate Musikalekoen emanaldiak ere izan dira tarteka. Ekitaldia amaitzeko, gainera, Urepeleko Artzaina abestu dute agerraldia babestu duten norbanako zein eragileek, Arrasate Musikaleko ikasleen musikak lagunduta.
Debagoieneko Ituna (sarrera):
"Jakina den moduan, hondakinen kudeaketak bi fase ditu: bata, bilketa eta bestea, bildutako hondakinei tratamendua ematea. Lehenak hurrengoa baldintzatu egiten du. Hondakinak gaika bilduz gero, birziklagarriak diren materialak berreskuratu egiten dira. Hondakinak nahasirik bilduz gero ordea, ezin direnez berreskuratu, hondakinak zabor bihurtzen dira.
Debagoieneko eskualdeak erakutsi du % 80 gaika bildu daitekeela oso epe laburrean. Arduradun politikoek gatazka egoera gaindituta, herritarrei mezu egoki eta bateratua bidali diete: etxeetan hondakinak sailkatzea nahitaezkoa da eta gainera erraz egiten da. Herritarrak berehala jabetu dira zentzuzkoa dela gaika biltzea eta gaur egun Gipuzkoa osoan eta baita Europa mailan ere jarraitu beharreko eredu gara".
Debagoieneko Ituna (bost puntuak):
"1- Osasuna eta ingurumena dira lehenesten ditugun irizpideak.
2- Elkartasun eta erantzukizun frogarik handiena bakoitzak etxean sailkatzea da eta ekintza xume horrek besteekiko, planetarekiko, ardura eta begirunea adierazten du bete-betean.
3- Debagoienan frogatu dugu % 80 gaika bildu daitekeela eta oso epe laburrean lortu daitezkeela emaitza horiek.
4- Debagoienan egin badugu, beste edozein lekutan egin daiteke. Beraz, Gipuzkoara eta Euskal Herri osora zabaldu nahi dugu gure eredua, Europari begira, erreferente bilakatuz.
5- Emaitzak etengabe hobetzeko konpromisoa hartzen dugu".
Debagoieneko Itunaren sinatzaileak:
- CCOO: Iñaki Temprano
- ELA: Amagoia Lasagabaster
- ESK: Pako Morales
- Esteilas: Arrate Landa
- LAB: Amaia Arana.
- Ahal Dugu / Podemos: Eva Abuin
- EH Bildu: Mikel Biain
- Irabazi: Juan Luis Merino
- Gorripidea: Julia Monge
- Eguzki: Martin Anso
- Ekologistak Martxan: Piter Encinas
- Zero Zabor Ingurumen Babeserako Elkartea: Ainhoa Arrozpide
"Mugarri" izatera datorren aurkezpena
Ekitaldi xumea bezain berezia izan da, baina "mugarri" izan nahi duena aldi berean: "Gutako bakoitzak egiten dugun ekintza bakoitzarekin, ehunka eta milaka aldiz egiten denean, errealitatea aldatzeko modua eta gaitasuna dugu. Abesbatza batean batzen diren pertsonak bezala. Hasieran deseroso beharbada, baina ahotsak eta gorputzak elkarrekin egotera ohitzen, bateratu eta osatzen, konpaktatzen doazen heinean, orduan eta hobeto abestuko dute. Eta hobeto eginda, gehiago eragiten da. Horrela beraz, gaurko mugarriaren ostean etorriko diren pausuetan gurekin batera egoteko gonbidapena luzatzen dizuegu".