Mankomunitateak berrerabilpena sustatzeko ‘Hamaiketako jasangarria’ jarri du martxan

Elgetako eskolan egin dute aurkezpena eta bertako ikasleei berrerabilpenak eta birziklatzeak daukan garrantzia azaldu zaie. Ogitartekoa eramateko poltsa berrerabilgarriak banatu zaizkie eta gauza bera egingo dute bailarako eskola guztietan.

Hamaiketako jasangarria egitasmoa jarri du abian Debagoieneko Mankomunitateak. Hiru eta hamabi urte bitarteko ikasleei zuzendutako kanpaina da eta berrerabilpena sustatzeko helburua du. Lander Arregi Mankomunitateko Hondakinen Kudeaketa Batzordeko Lehendakariak adierazi du gaztetatik berrerabilpenari eta birziklapenari lotutako balore batzuk transmititu nahi dietela ikasleei.

Debagoieneko eskola guztiek hartuko dute parte kanpaina honetan eta guztira, 2500 ikasle ingururi banatuko zaizkie poltsa berrerabilgarriak. 21 urtez jarraian egiten duten kanpaina baten barnean kokatzen den egitasmoa da gaur aurkeztu dutena. "1994. urtean egin zen lehen aldiz zabor eta hondakinak murrizteko kanpaina hau eta ordutik urtero egiten da. Hamaiketako jasangarria egitasmoa urteroko kanpaina horren barruan kokatzen da", azaldu du Maddi Altuna Mankomunitateko ingurumen zerbitzuko arduradun teknikoak.

Egitasmo hau aste berdearen inguruan txertatzen dela nabarmendu du Iraitz Lazkano Elgetako alkateak, eta ahalik eta zaborrik gutxien sortzea dela helburua. "Aste berdean hainbat hitzaldi eta tailer eskaintzeko asmoa daukagu, konposta, ongarritzea, nekazaritza ekologikoa eta beste zenbait gai ardatz hartuta. Orokorrean, ikuspegi guztiak barnebiltzen dituen kanpaina oso bat daukagu", onartu du.

Azkenik, gazteei hondakinen kudeaketaren gaineko ikuspegi integral bat emateak duen garrantzia azpimarratu du alkateak eta balore horiek sustatzen jarraituko dutela gaineratu du.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.