Atzo eta gaur artean aritu dira edukiontzi berriak jartzen. Lander Arregik, Udaleko zinegotzi eta Debagoieneko mankomunitateko ingurumen arduradunak azaldu du arazo handirik gabe joan dela prozesua, aurreikusi moduan.
Behin edukiontziak instalatuta, Arregik gogorarazi du horiek erabiltzen hasi behar direla herritarrak, orain arteko zintzilikarioen partez.
Era berean, aipatu du edukiontzi berriak irekitzeko txartelen banaketan konplikazioren bat edo beste izan dela, jende bat berandu ibili delako, eta ilarak sortu dira hondakinen bulegoan.
Hondakinen bulegoa zabalik
Goizean zehar honezkero jendea bazebilen txartelak frogatzen, eta bat edo bestek arazorik ere izan du. Arregik esan du edukiontzi guztien funtzionamendua konprobatuta dagoela, eta norbaitek arazorik izanez gero, norbere herriko hondakinen bulegora jotzea gomendatu du, giltza ondo konfiguratuta ote dagoen egiaztatzera.
Bergaran Udaletxean dago hondakinen bulegoa, eta Eskoriatzan, berriz, Ibarraundi museoan.
Atez-ateko bilketa egiteko zintzilikarioei dagokienez, Eskoriatzan honezkero hasi dira kaleetatik kentzen, eta Bergaran eguenean hasiko dira. Datorren asterako guztiak kenduta egotea espero dute.