Energiari buruzko jardunaldiak gaurtik aurrera Goienerren eskutik

Oihana Elorza Gorostiza 2016ko api. 19a, 13:20

Debagoieneko Goiener Kooperatiba Elkarteak energiari buruzko jardunaldiak antolatu ditu oraingo asterako: 25etik 29ra. Goiener egitasmoa bera zer den eta energia eredu berriei buruzko hausnarketa egiteko jardunaldiak izango dira. Debagoiena piztu! Debagoiena on! lelopean, hitzaldiak, tailerrak eta mahai-inguruak egingo dituzte Arrasaten, Bergaran, Oñatin eta Antzuolan. Ekitaldietara argiaren faktura eramateko gomendioa egin dute antolatzaileek.

Goiener proiektua zer den eta eredu energetiko berriak badaudela zabaltzeko jardunaldiak antolatu dituzte Elkarhezitzen-ek Goienerrek, energia berriztagarrien sorkuntza eta erosle kooperatibak.

Apirilaren 25etik 29ra, hitzaldiak, tailerrak eta mahai-inguruak izango dira Arrasaten, Oñatin, Bergaran eta Antzuolan, eta denetariko gaiak jorratuko dituzte, esaterako, energia berriztagarriak erabiliz Euskal Herriko hainbat herrietan martxan dauden proiektuen berri emango dituzte, adibidez, Lepazpi, Oreindain eta Oñatiko proiektuak.

Jasangarritasun energetikoa bultzatzea izango da, azken finean, jardunaldi hauen helburua.

Debagoieneko taldeko boluntarioez gain, Goiener kooperatibako ordezkari bat ere izan da jardunaldien aurkezpenean. Erika Martinezek azaldu du duela hiruzpalau urte sortutako eta irabazi asmorik gabeko egitasmoa dela Goiener eta egun 4.500 bazkide dituela Euskal Herrian.

4.500 bazkide horien artean erakundeak, komertzioak zein norbanakoak daude eta 300 bat Deba ibarrean; Debagoienean 150 inguru. Proiektuaren berri jakin gura duenak edo taldean sartu gura duenak mezua bidali dezake helbide honetara: goienerdebagoiena@gmail.com

Jardunaldiak datorren astean izango dira, herritar denei zuzenduta. Bide batez, ekitaldietara joan gura duten herritarrei argiaren faktura eramateko aholkua egin diete, faktura nola ulertu jakiteko.

Hauxe da egitaraua:

  • Astelehena, apirilak 25. Energia eredu berri baterantz hitzaldia. Estatuko merkatu elektronikoaren azterketa. Hizlaria: Rosa Martinez, Politika Zientzietan lizentziaduna, ekologista, feminista, Bizkaiko diputatua kongresua eta EQUOren bozeramaileetako bat. 18:30ean Arrasateko Kulturaten
  • Asteartea, apirilak 26. Mahai-ingurua. Jasangarritasunerantz eta udalerrien subiranotasun energetikorantz. Kepa Urzelai (Legazpiko alkatea), Gorka Egia (Orendaingo alkatea) eta Jon Ugarte (mendietako eta ingurumeneko zinegotzia Aramaioko Udalean). Moderatzailea: Olatz Azurza Zubizarreta (Energia berriztagarrietan espezializatutako ingeniaria, EHUn irakasle eta Goiener kooperatiban sutatzaile. 18:00etan Oñatiko kultura etxean
  • Asteazkena, apirilak 27. Hitzaldia: Goienerren aurkezpena eta elektrizitateko faktura ulertzeko tailerra. Hizlaria: Diego Eguizabal Olloquiegui, MUko irakaslea eta Goienerreko bazkidea. 18:30ean Arrasaten, Kulturateko Loramendi gelan
  • Osteguna, apirilak 28. Hitzaldia. Goienerren aurkezpena eta elektrizitateko faktura ulertzeko tailerra. Hizlaria: Erika Martinez, Goiener kooperatibako komunikazio arduraduna. 18:30ean Irizar jauregian.
  • Ostirala, apirilak 29. Bakarrizketa. ¿Y tú, cómo te sostienes? Aldatu fundazioarekin. 22:00etan Antzuolako Torresoroa aretoan

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak