Eusko Jaurlaritzaren komunikatua:
"Eusko Jaurlaritzak adierazi nahi du erabat gaitzetsi eta arbuiatzen dituela terrorismoaren basakeria eta bidegabekeria, oraingoan heriotza eta samina eragin ditu-eta Bruselako aireportuan eta metroan.
Euskal gizartearen izenean, Eusko Jaurlaritzak elkartasuna eta hurbiltasuna helarazi nahi dizkie atentatu honen biktimei eta biktimen senideei. Belgikako Gobernuari eta Bruselako hiri osoari ere helarazi nahi die elkartasun mezu hau.
Dagoeneko helarazi diegu Belgikako agintariei atentatua gaitzesteko mezu hau, biktimekiko elkartasuna erakutsi eta nazioartean, izurik eta ankerkeriarik gabe, askatasun, segurtasun eta elkarbizitza esparru bat eratzen laguntzekoa.
Aurrekoetan egin duen bezala, Eusko Jaurlaritzak dei egin nahi du bost minutuko elkarretaratzea egitera euskal erakunde guztien aurrean datorren asteazkenean eguerdiko 12:00etan.
Izuaren xantaiaren aurrean zutik jarraitzea erabaki dugula erakutsiko du. Esanahi gizatiarra eta nahitaezko koherentzia etikoa duen erantzuna izango da.
Adierazi nahi dugu batera gaudela biktimekiko elkartasunean eta giza duintasunarekiko konpromiso utziezinean eta horrek terrorismoaren indarkeria erabiltzea gaitzesteko jarrera argia dakarrela berekin.
Aldi berean ezinbestekoa da gure konpromiso demokratikoa balio demokratikoekin eta humanismoaren balioekin, Europako proiektuak irudikatu eta atentatu hauek eraso nahi dituzten balio horiekin.
Eusko Jaurlaritzak garrantzi eta esanahi hori eman nahi dizkie elkarretaratzeari eta izuaren aurrean tinko eusteko eta bizikidetza eta nazioarteko harremanak demokrazian eraikitzeko borondateari".
Eudelen komunikatua:
"Eudelek gaitzespen irmoa adierazi nahi du, gaur goizean Bruselan gertatutako atentatuen aurrean; izan ere, aireportuan eta hiriburuko erdiguneko metroan hainbat leherketa izan dira, eta hildako eta zauritu ugari eragin dituzte. Eudelek erabateko irmotasunaz gaitzesten du indarkeria terroristaren basakeria, eta dolumina eta elkartasuna helarazi nahi die biktimen senide eta hurbilekoei.
Euskadiko udaletatik besarkada solidario bat eta hurbiltasun sentimendurik zintzoena bidali nahi diegu Bruselako hiriari eta Belgikako herritarrei, une latz hauetan.
Eudelek, Euskadiko Udalen Elkarteak bat egin du Lehendakariaren deiarekin eta 5 minutuko elkarretaratze isilak deitzera gonbit egin die udal herritar guztiei, bihar, martxoak 23, eguaztena, 12:00etan, udaletxeen aurrean".