Epeleko hondakindegia kezka iturri Elgetako Udalean ere

Larraitz Zeberio 2016ko urt. 28a, 08:57

Hondakinak tratatzeko Epeleko isurtegia izan dute berbeta gai Elgetako Udalean ere. Hainbat gai jorratu dituzte urtarrileko osoko bilkuran eta horietako bat izan da Epelerena. EH bilduk aurkeztutako mozioa onartu dute Gu Geuren abstentzioarekin.

Lurraldeko errefusa Epeleko hondakindegira ekartzearen inguruan zabaldu den aukerarekin lotuta Elgetako EH Bilduk mozioa aurkeztu du. Bertan eskatzen da Epeleko hondakindegiak gaur egun ematen duen zerbitzua ematen jarraitzea eta "eskumena daukaten organoetan gaia sakon lantzea eta eztabaidatzea". Horrekin batera Debagoieneko Mankomunitateari eskatzen zaio Epeleko Hondakindegiaren inguruan duen "informazio guztia partekatzea".

Puntu horretan oposizioan dagoen Gu Geu Elgeta abstenitu egin da. "Garrantzitsua da informazioa eskuratzea eta hor dago gure zalantza ze informazio gehiegirik ere ez daukagu horrelako gai bat eztabaidatzeko eta gauzak zertan diren jakiteko. Gainera, ez da oraindik Mankomunitatetik proposamen zehatzik egin eta gauzak aurrerapen moduan eztabaidatzen ari garela uste dugu", esan dute.

Bestelako erabakiak

Osoko bilkurak hartutako bestelako erabakien artean nabarmentzen dira errekreazioa egiteko erabiltzen diren armen kudeaketa Izarra enpresari ematea, Gureak taldearekin Udalak duen hitzarmena berritzea eta zabaltzea, eta Iñigo Ibaibarriaga bake-epaile izendatzea.

Udalbatzak erabaki du baita ere Euskadiko Udalen Elkartea den EUDELek negoziazio kolektiboarekin lotuta egindako proposamenari ez atxikitzea argudiatuz dokumentu horretan EUDELek egiten dituen hiru proposamenak aplikatzea erabakita dagoela dagoeneko Elgetan.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak