Gipuzkoako errefusa Epelera?

Goiatz Arana Begiristain 2016ko urt. 20a, 15:54

Debagoieneko Mankomunitateko presidente Unai Elkorok adierazi du ezetz, ez dutela aukera hori bideragarri ikusten eta Gipuzkoako errefusa ez dutela Epeleko isurtegira ekarriko.

Azken egunotan, berriz ere, hizpide da zer gertatuko den Gipuzkoako errefusarekin. Izan ere, gaur egun Azpeitian dagoen Lapatxeko zabortegira eramaten da, baina bere kudeaketaz arduratzen den Urola Erdiko Mankomunitateak jakinarazi dio Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioari (GHK), azpiegituraren balizko handitzearen baldintzen inguruan alde bien arteko akordiorik ezean, otsailaren 3an Gipuzkoatik datorren errefusa hartzeari utziko diola eta soilik Urola Erdiko herrietakoa hartuko duela. 

Gaur egun, lurraldean irekita jarraitzen duen zabortegi bakarra da Lapatxekoa eta, GHKren iritziz, Gipuzkoako errefusa eramateko lekurik egokiena izaten jarraitzen duen arren, beste aukera batzuk ere ari da aztertzen; eta testuinguru horretan eta alternatiba moduan, Epeleko plantaren izena ere haizatu da azken egunotan.

Bada, Debagoieneko Mankomunitateko presidente Unai Elkorok adierazi du ezetz, Gipuzkoako errefusa ez dutela Epelera ekarriko: "GHKtik gaia aztertzeko eskatu ziguten, baina ez dugu jorratu Mankomunitateko gobernu juntan; alderdi barruan bilera egin genuen eta ez genuen bideragarri ikusi". Epeleko eremua industria hondakinak eta arriskutsuak ez direnak jasotzeko dela ekarri du gogora, eta ez etxeko hondakinak jasotzeko.

Konpostatze planta

Isurtegiarekin batera konpostatze planta ere egongo da Epelen eta, dena ondo bidean, aurtengo lehen hiruhilekoan inauguratuko da; hala esan zuen Jose Inazio Asensiok, Ingurumen diputatuak, lanak nola zihoazen ikusteko abenduan bertara egindako bisitan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak