Lehenago ere izanak dira beste Bergarako alkate ohi bi Madrilen senatari: Jose Luis Elkoro (1989-1993 eta 1993-1996) eta Imanol Bolinaga (1991-1999). Azken hau Eusko Legebiltzarrak aukeratuta eta ez herritarrek botoen bidez.
Victoriano Gallastegi pozik agertu da hauteskundeetako emaitzekin, eta Madrilen lan egiteko eta Euskadiren ahotsa hara eroateko ilusio eta gogo handiarekin dagoela adierazi dio Goienari.
89.052 boto lortu ditu domekako bozketan, Gipuzkoako bigarren hautagairik bozkatuena izan da, Maria Eugenia Iparragirreren atzetik, berau ere jeltzalea. Imanol Kerejeta jeltzalea eta Jose Ramon Arrieta Ahal Dugu-Podemoseko hautagaia dira Gipuzkoako beste bi senatariak.
Victoriano Gallastegik 75 urte ditu. 24 urtez egon zen Bergarako Udalean, 1983tik 2007ra bitartean, eta horietatik 16 urte, hau da, lau agintaldi, alkate moduan. 2007an hartu zuen erretiroa, baina modu batera edo bestera politikarekin edo herrigintzarekin lotutako kontuekin aritu da.